SAPAko lehenengo eraikina Soraluzeko Udalarendako izango da

Ubane Madera 2019ko ots. 8a, 11:11

Soraluzeko Udalak eskuratuko duen pabilioia. Argazkia: Soraluzeko Udala.

Soraluzeko Udalak eta SAPAk hitzarmena adostu dute. Hari esker, Soraluzeko Udalak eskuratuko du SAPAko lehenengo eraikina, alegia, Gabolatseko zubi ondoan hasi eta SAPAren bulego orokorretaraino ailegatzen dena. Udal Gobernuaren asmoa da hura bota eta bertan parkea egitea. Atzoko osoko bilkuran gobernuaren eta oposizioaren artean eztabaida eragin zuen gaietako bat izan zen berau eta EHBilduk kontra bozkatu zuen.

“Lorpen handi” modura aurkeztu zuen Iker Aldazabal alkateak SAPAko lehenengo eraikina Soraluzeko Udalak eskuratzeko hitzarmena adostu izana. Hark azpimarratu zuenez, “lau urteko lan luzearen fruitua” da.

Esplikatu zuen SAPAko esparrurako aurreikusita dauden etxebizitzak eraikitzeko “eskaerarik” ez dagoela ikusita, “tortillari buelta eman” eta horren zain egon barik, bertan aurreikusita dagoen parkea eraikitzeko pausoak ematen hasteko asmoa duela Udal Gobernuak.  

Horrekin batera, jakinarazi zuen ere, Soraluzeko Udalak 175.000 euroko dirulaguntza zuzena jasoko duela Gipuzkoako Diputazioarengandik, parkearen proiektua garatzen hasi ahal izateko, Ogasun diputatuak laguntza emateko konpromisoa hartu ondoren.

Parkea etxeak baino lehenago

“Legealdia hasi zenean mahai gainean jarri genuen lehen proiektuetako bat izan zen berau. Zoritxarrez, SAPAk 2005ean jarduera Andoainera lekualdatu zuenetik, apenas egin da ezer fabrikaren eraikinekin, eta degradatzen joan da denborarekin. Elefante handi moduko bat da hura eta zatitu egin behar izan dugu. Ze etxebizitzak eraikitzea daude aurreikusita esparru hartarako. Eta ondoren, haien osagarri izango diren aparkalekuak eta parkea eraikitzea ere bai. Baina Soraluzen etxe berrietarako eskaririk ez dagoenez, eta ondorioz, esparrua urbanistikoki garatzeko beharrik ez dagoenez, Udal Gobernuak tortillari buelta eman eta orain lortu duen hitzarmenari esker, SAPAk Soraluzeko Udalari lagapenez emango dio fabrikaren lehen pabiloia, hari ahalik eta lasterren irtenbidea eman ahal izateko”. 

Akaso estalitako parkea

Alkateak jakinarazi zuen behin eraikina eskuratuta, honako pausoak eman beharko dituztela:

1- Azterketa urbanistikoa egin, zehazteko partzela horretan zer dagoen eta zer egin daitekeen.
2- Deskontaminazio azterketa egin.
3- Eraispen proiektua egin.

Halaber, jakinarazi zuen eraikina bota aurretik nahi dutela aztertu ea aukerarik baden eraikinaren egitura metalikoa mantendu eta aprobetxatzeko. Ze horrela balitz, pabiloiaren egitura metalikoa  estalitako parkea eraikitzeko baliatuko lukete.

"Pauso benetan garrantzitsua"

Alokuzioaren bukaeran, alkateak azpimarratu zuen “oro har, udalerriko garapen urbanistikoarendako eta bereziki, SAPAko esparruaren garapenarendako pauso benetan garrantzitsua” dela SAPAren lehen eraikina eskuratzeko hitzarmena adostu izana.  Atzoko osokoan hitzarmenari baiezkoa eman ondoren, hurrengo pausoa izango da, jakina, bi aldeek (SAPAk eta Soraluzeko Udalak) hitzarmena sinatzea.

Edozein modutan, atzo mahai gaineratutako proposamenak ez zuen baiezkoa lortu aho batez. EHBildu koalizioak kontra bozkatu zuen.

Gaia atzeratzeko eskaera

Laburbilduz, oposiziotik eskatu zuten gaia atzera botatzea, harik eta SAPAren lehen eraikinarekin egin beharrekoak zehatz mehatz Soraluzeko Udalarendako ze kostu izan dezakeen jakin arte. “Zehazki zenbat kostatuko den aztertu eta behin datu hori eskuartean duzuenean atzera ere ekarri gaia osokora eta alde bozkatuko dugu”, esan zuen Unai Larreategi bozeramaleak.

Hortik aurrera EAJren eta EHBilduren artean eztabaida nagusitu zen. Ondorengo albistean dago  irakurgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.