II. Frontenis Mistorako izen-ematea zabalik

Ubane Madera 2019ko ots. 8a, 08:30

Pilotariak iazko Frontenis Txapelketa Mistoan. Argazkiak: Fernan Oregi.

Martxoaren 16an jokatuko dute aurtengo Frontenis Txapelketa Mistoa, eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea: martxoaren 8ra bitartean. 16 urtetik gorako bikote mistoei zuzendutako deia da; hala ere, parte hartu nahi duen norbaitek bikoterik ez balu, bikotea osatzen lagunduko diote  antolatzaileek.

Bigarren urtez jokatuko da Frontenis Txapelketa Mistoa udalerrian, Soraluze, Mugituz! topagunearen eskutik. Martxoaren 16an, zapatua, da aurtengo hitzordua. Eta parte hartu nahi dutenek martxoaren 8rako eman beharko dute izena.

Ligaxka eran

Asko jota 16 bikotek parte hartu ahalko dute, eta guztiek ere 16 urtetik gorako jokalariak izan beharko dute. Txapelketa, martxoaren 16an hasi eta bukatuko da. Ligaxka eran jokatuko dute, 22 tantotara, eta partidu bakoitzak gehienez 20 minutuko iraupena izango du. Erabiliko duten pilota mota, berriz, artengo horia izango da.

Izena emateko hiru bide daude: Soraluzeko Arane kiroldegian; 943 75 24 66 telefono zenbakira deituta edo kirola@soraluze.eus posta elektronikora idatzita. 12 euro ordaindu behar da bikoteko. Halaber, eskatu dute bikote bakoitzak kolore bereko kamiseta eramatea txapelketara.

Lehen bi bikoteendako izango dira sariak. Lehenengoendako txapela eta opariak eta bigarrengoarendako garaikurra eta oparia. Iaz 15 bikotek parte hartu zuen txapelketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.