‘Parkeen Ibilbidea’ egin zuten, orain arteko partaidetza handienarekin

Ubane Madera 2019ko ots. 7a, 11:51
'Hamabostero Hankabero' ekimenean parte hartu zuen taldea, atzo, eguaztena. Argazkia: Jokin Martinez.

Hamabostero Hankabero ekimenak indartsu segitzen duela erakutsi zuen atzo, orain arteko parte-hartzerik handienarekin: 15 lagun. Atzokoan Parkeen Ibilbidea egin zuten, kontrako noranzkoan. 15 egun barruko hitzordurako, berriz, Zubien Ibilbidea egiteko aukera aztertzen dabiltza, ia eskailera bako ibilbidea.

Pozik daude Soraluze, Mugituz! topaguneko kideak Hamabostero Hankabero ekimenak lortzen diharduen jarraipenarekin. Izan ere, orain arteko ibilbide guztietan izan dute ibiltari taldea partaide, baina gainera, atzoko hitzorduan orain arteko parte-hartzerik handiena lortu zuten: 15 lagun (argazkikoak gehi beste hiru izan ziren).

Jokin Martinezek, ekimenaren bultzatzaileetako batek kontatutakoaren arabera, atzo Parkeen Ibilbidea egin zuten. Lehenago estreinatuta zuten ibilbide hori, baina oraingoan kontrako noranzkoan egin dute, “herriko auzo guzietako parkeak ukituz”.

Zubiak zeharkatuz

Datorren hitzordurako, otsailaren 20rako, berriz, Zubien Ibilbidea egitea da mahai gainean duten aukeretako bat: “Herri barruan ditugun zubi denak zeharkatzen dituen ibilbidea (hau da, Sagar erreka; industrialdea, Gabolats, Gila, Santa Ana, Ola eta Zeleta-ko zubiak). Eskailera gabekoa da ia ibilbide guztia. 5-6 km. inguru ditu, eta ordubete barruan egiteko modukoa da, beti bezala”, esplikatu du Jokin Martinezek.