Soraluzeko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan elkartu ziren atzo, Elgetako, Antzuolako, Oñatiko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Bergarako eta Eibarko… eta zela ez, Soraluzeko emakumeen elkarteetako eta M8 plataformetako ordezkariak. Iazko azarotik dihardute eskualde mailako topaketak egiten, 2019ko Martxoaren 8rako ardatzak, helburuak eta bestelakoak prestatzen.
Eskualde mailakoa
Korner Morea Elkarte Transfeministako kide Olatz Sebalek esplikatutakoaren arabera, atzo egindako batzarra, batez ere, izan zen udalerriz udalerri sortzen dabiltzan M8 Plataformetan eta asanbleetan ateratako ideiak eta esperientziak konpartitzen. Duten nahia da, besteak beste, bailara mailako zerbait antolatzea Martxoaren 8rako, iaz Debagoienean egin zuten giza katea adibide modura hartuta. Nahi dute elkarrekin zerbait egin.
Sebalek esandakoaren arabera, atzoko batzarrean “ilusioa” eta “zerbait egiteko gogoa antzematen" zen iazko Martxoaren 8koan izandako esperientziak “indar handia” eman dielako.
Hurrengo topaketarako hitzordua ere egin zuten: datorren eguaztenean, atzera ere Soraluzen elkartuko dira.