Unai Larreategi izango da EHBilduren alkategaia

Ubane Madera 2019ko urt. 31a, 10:16
Unai Larreategi, EHBilduko alkategaia.

EHBilduren Herriko Hauteskunde Batzordeak “aho batez” babestu du Unai Larreategi, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako alkategai izateko. “Prozesu parte-hartzailean” Larreategirena izan da proposatutako hautagai bakarra.

Unai Larreategi (Soraluze, 1979) izango da Soraluzeko EHBilduk maiatzeko udal hauteskundeetarako aurkeztuko duen alkategaia edo zerrendaburua. Hala jakinarazi du koalizioak joan den asteotan abiarazitako “prozesu parte-hartzailea” amaituta.

Gaur egun, Soraluzeko Udaleko oposizioko bozeramalea da Larreategi, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatean Soraluzeko Udaleko ordezkaria ere bai eta baita ere EHBilduren aholkularia, Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Eskarmentu luzea

Azken urteotakoaz aparte, eskarmentu luzea dauka politikagintzan Unai Larreategik. 2015ean ere izan zen alkategai, eta herritarren boto gehien eskuratu zituen EHBilduk Soraluzen. Ez zuen alkatetza eskuratu, baina, EAJk eta PSE-EEk Udal Gobernua osatzeko akordioa erdietsi zutelako.

Bestalde, Txipi Arizagaren agintaldian eta Hiart Arluziagaren agintaldiaren zati batean alkatearen aholkulari lanak egin zituen Larreategik.  

Oraingoz, EHBilduk eta EAJk bakarrik aurkeztu dituzte Soraluzerako alkategaiak.