Landaola Sarien bigarren edizioa ospatuko dute urtarrilaren 31n, eguena, Itziarren. Sariok, Gipuzkoan landa eremua garatzeko proiektuei aitortza egitea dute helburu eta hiru arlotako proiektuak sarituko dituzte: erakunde pribatuak, erakunde publikoak eta Landa Eremuko Emakumeen Saria (aurten sortutakoa).
Debemenek aurkeztuta
Eta hain justu ere, erakunde publikoen esparruan hautagai da Soraluzeko Udala, Dolmenen Ibilbide proiektuarengatik, “PR-Gi 94aren garapena sustatu eta bertako ondare natural, kultural eta arkeologiko aberatsa ezagutarazteagatik”. Debemenek Debabarreneko Landa Garapen Elkarteak aurkeztu du Soraluzeko Udalaren hautagaitza, Burugorri Kooperatiba Txikiarekin batera.
Sari banaketa eguenean izango da, Itziarko Burugorri Ostatua eraikinean, 12:00etan hasita. Guztira 11 proiektu daude hautagaien artean: Soraluzeko Udala, Antzuolako Udala Ernaberritu proiektuarengatik, Hondarribiko Udala, Aiako Udala, Goierriko Nekazal Kooperatiba, UGGASAren Bertatik Bertara proiektua, Burugorri Kooperatiba Txikia, Ereindajan proiektua (Arrasateko eta Bergarako saltokiengatik), Errezilgo Ibarbi elkartea, Diametro 200 jatetxea eta Orexa Bizirik.
Landa eremua garatzeko proiektuak
Iaz, 2018an izan zen Landaola Sarien lehen edizioa, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak antolatuta. Sariak lurraldean egindako landa eremua garatzeko proiektuei errekonozimendua egiteko asmoarekin sortu zituzten.
Iaz erakunde pribatuen arloan, Landaola Saria Hazitik kooperatibak eskuratu zuen saria Bizilore eskola eta Abaraxka gazte-aterpetxea abian jartzeagatik. Erakunde publikoei dagokionez, berriz, Tolosako Udalarentzako izan zen garaikurra, Santa Luziako hazitegia berrizteagatik. Horrez aparte, Landaolak urteetako ibilbidea ere saritu zuen landa ingurunea garatzen jardundako bi laguni: Antton Dorronsorori eta German Muruamendiaratzi.