Elgoibarren eta Donostian ere egingo dituzte 'Patria' telesailerako casting-ak

Ubane Madera 2019ko urt. 28a, 16:11
'Patria' eleberriaren azala.

Soraluzen ez ezik, Elgoibarren eta Donostian ere egingo dituzte ‘Patria’ telesailerako casting-ak, figurante izateko. Hain justu, Elgoibarren eguaztenean eta barikuan egingo dituzte probak eta Donostian, datorren astean. Soraluzen, gogoan izan, eguenean eta zapatuan egingo dituztela probak; zapatuan 16 urtetik beherakoendako.

Hiru udalerrien kasuan, aldez aurretik izena eman beharra dago: yaelmorenocasting.com helbidera idatzita. Eta jakinarazi dute zapatuko casting-a, Soraluzeko Batzokian egingo dena bakarrik izango dela Soraluzeko, Eibarko eta Elgoibarko adinez txikikoendako, gurasoen laguntzarekin joan behar dutela eta derrigorrezko izango dutela Nortasun Agiri propioa eramatea. Pasaporterik ez dute onartuko.

Gainontzean, Elgoibarko castingak egingo dituzte eguaztenean, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era, Kultura etxean (Kalebarren plaza 3, Elgoibar). Eta Donostiakoak, berriz, otsailaren 5ean, 6an eta 7an: 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era, Victoria Eugenia Antzokian (Okendo plaza 1).

Eraman beharrekoa

Pertsona bakoitza casting bakarrera aurkez daiteke, berarendako erosoena zaion hitzordua aukeratuta. Nortasun Agiriaren fotokopia (alde bietatik) eta kontu korronteko zenbakiaren fotokopia eraman beharko ditu edo bankuko egiaztagiria IBAN zenbaki guztiekin. Aukeratzen dituzten figuranteek kontratua izango dute eta alta emango diete gizarte-segurantzan.  

Soraluzeko casting-ei buruzko informazio osoa hemen klikatuta irakur daiteke.