Patria telesailerako figuranteak topatzeko casting-etako bi, Soraluzen egingo dira, Batzokian. Eguenean, 10:30etik 14:00ak eta 16:00etatik 19:30ak bitartean; eta zapatuan, 10:00etatik 14:00ak bitartean. Bi egunotan, “adin askotariko emakumeak eta gizonezkoak” aukeratuko dituzte; zapatuan, berriz, 16 urtetik beherako umeak.
Bertaratzen direnek Nortasun Agiriaren fotokopia eraman behar dute derrigor. Umeek, berriz, Nortasun Agiriarekin batera, gurasoek lagunduta bertaratu beharko dute. Izena ondorengo helbidean eman behar da: www.yaelmorenocasting.com. Halakoetan ohi denez, casting zuzendaria izango da bertan, eta kamera probak egingo dituzte.
Baieztapen ofizialik ez
Pil-pilean aldizkariak aurreratutako moduan, Patria telesailaren zati bat Soraluzen grabatuko dute. HBO Españak zortzi kapituluko telesail bihurtuko du Patria, Fernando Aranbururen eleberria.
Oraindik lokalizazio guztiak lotu barik dituztenez, ez HBO Españak (streaming plataforma) eta ezta ere Alea Mediak (produktorea) ez dute konfirmatu Soraluzeko zein kokagune erabiliko duten telesailerako. Hori bai, baieztatu dute martxoan hasiko direla telesaila grabatzen.
Sariak, kritikak…
HBO Europek produzituko duen lehen telesail espainola izango da Patria. Elena Irureta (Bittori), Ane Gabarain (Miren) eta Jose Ramon Soroiz izango dira, besteak beste, aktore nagusiak. Martxoan hasiko dute grabazioa, telesaila 2020an estreinatzeko asmoarekin. Alea Mediak produzituko du zortzi kapituluko telesaila, eta Aitor Gabilondo donostiarrak egin ditu gidoiaren egokitzapen lanak. Zuzendariak, berriz, Pablo Trapero eta Felix Viscarret izango dira.
Patria eleberria Fernando Aranburuk idatzi zuen, 2016an. Euskal gatazkan oinarrituta dago eta gatazkaren ondorioz elkarren kontra bizi diren bi familien istorioa du ardatz. Bere garaian, oihartzun mediatiko handia lortu zuen liburuak, aldeko zein kontrako kritikekin. Sariak ere eskuratu ditu.