Otsailaren 11tik 17ra bitartean egingo da geltokiari buruzko herri-galdeketa

Ubane Madera 2019ko urt. 28a, 09:36
Gaur egun Errabalen dago autobus geltokia.

Otsailaren 11tik 17ra bitartean, herriko autobus geltoki nagusia non ipini erabakitzeko herri-galdeketa egingo du Soraluzeko Udalak. Galdera honakoa izango da: Nun nahi duzu kokatzea autobus geltoki nagusia? Erantzuteko hiru aukera dituzu: Errabal kalean (gaur egungo tokian), Zubi Nagusian ala Baltegieta kalean.

Botoa emateko eskubidea izango dute Soraluzen erroldatuta egonda, urtarrilaren 1etik aurrera 16 urtetik gora duten bizilagun guztiek. Nortasun agiria aurkeztu beharko dute bozkatzeko, hori bai. Botoa emateko, berriz, leku bakarra izango da: Udaletxea.

Astean eta asteburuan

Hain zuzen ere, astelehenetik barikura, goizez, eguerdira bitartean eman ahalko da botoa: 10:00etatik 13:00ak arte, Udaletxeko lehen solairuan dagoen Udal idazkaritzan. Zapatuan eta domekan, berriz, goizez 10:00etatik 13:00ak bitartean; arratsaldez, ostera, 16:00etatik 19:00ak bitartean eman ahalko da botoa, Udaletxeko bigarren solairuan dagoen osoko bilkuren aretoan.

Botoak Udaletxean

Asteburuko galdeketa egin ahal izateko, zapatuan zein domekan, hauteskunde-mahaiak eratuko dira, goizez eta arratsaldez; herritar guztiek aukera izan dezaten botoa emateko. Hiru pertsonak eratuko dute mahaia, udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi bakoitzeko ordezkari banak, bozketaren gardentasuna bermatzeko.


Botoak, berriz, Udaletxean bertan eskuratu ahal izango dira. Hauteskundeetan bezala, “erreserbatu” bat ipiniko dute eta bertan hiru aukerak gehi gutun-azala egongo dira, gero botoa eman ahal izateko.


Bestalde, gaiak duen garrantzia dela-eta, osoko bilkura ez-ohikoa deituko du Udal Gobernuak, besteak beste, herri-galdeketa udalbatzarrean lantzeko. Otsailaren 7an, eguenean, egingo da, 19:00etan. Interesa duen edozein bertara daiteke.

Abantailak eta desabantailak

Soraluzeko geltoki nagusia non ipini erabakitzeko hiru aukera daude, bada, hautagai. Eta zela ez, hirurek dituzte abantailak eta desabantailak.

Errabal


Geltokia Errabalen uzteak duen abantaila da ez dela inbertsiorik egin beharko. Izan ere, ezin da inguruan egokitzapenik egin geltoki egokia bertan eraikitzeko. Horrek esan nahi du geltokia orain dagoen bezala geratuko litzatekeela: eguraldiaz babesteko markesina barik, eta autobusari itxaroteko jarleku barik. Bi kasuetan, arrazoia da ez dagoela espazio nahikorik aipatutakoak ipintzeko. Markesinari dagokionez, legearen arabera, ezin da ipini etxeen fatxadari itsatsita, gutxieneko espazioa izan behar da etxeen eta markesinaren artean; hortaz, errepide aldera ipini beharko litzateke, eta ez dago horretarako lekurik.

Jarlekuei dagokienez, berriz, espaloian ipini beharko lirateke, baina leku txikia denez, oinezkoei egingo liekete traba. Horrela esplikatu dute udaleko adituek.


Desabantailak desabantaila, proposamena mahai gainean mantentzea erabaki du Udal Gobernuak, hainbat herritarrek tokia ontzat ematen dutelako, alkatearen esanetan.

Zubi Nagusia

Geltokia Zubi Nagusian ipintzeak, berriz, desabantaila nabarmena dauka: 58.000 euroko inbertsioa egin beharko litzateke. Batetik, lurrazpiko edukiontziak hustu eta tapatu egin beharko lirateke, baita gaineko zorua egokitu ere. Bertatik kendutako edukiontziendako beste kokaleku bat ere bilatu beharko litzateke. Horrez aparte, besteak beste, markesina ere beharko du geltokiak Zubi Nagusian. Bestalde, abantaila zera da, geltokia herri erdi-erdian egongo litzatekeela.

Baltegieta

Azkenik, geltokia Baltegieta kalean, kiroldegiko sarrera alboan, ipintzeak ere abantaila ekonomikoa izango luke, 9.000 euroko gastua besterik ez dute-eta egin beharko bertan.
Udal Gobernuak esplikatutakoaren arabera, autobusak bertara sartu-irtena egiteko espaloia egokitu beharko lukete, argi puntua ipini, ilun dagoelako, eta apur bat txukundu, besterik ez. Zeren, aterpea badu dagoeneko eta hiru jarleku daude bertan ipinita. Baltegietako kokalekuari dagokionez, baina, desabantaila bat nabarmendu du Korner Morea Elkarte Transfeministak: puntu beltza da, euren esanetan.