Udal Gobernuak nahiago du geltokia Baltegietan eta oposizioak, berriz, Zubi Nagusian

Ubane Madera 2019ko urt. 28a, 12:37
Iker Aldazabal eta Unai Larreategi.

Geltoki nagusiaren kokalekuarendako hiru proposamenak mahai gainean daude, herritarrek bat aukera dezaten. Hala ere, Udal Gobernuak zein oposizioak, bakoitzak bere iritzia badu, segidan azaltzen duten moduan.

Udal Gobernua: EAJ-PSE-EE

"Udal Gobernuak urbanizazio lanen proiektua mahai gaineratu zuenean, autobus geltokiaren aldaketa ere proposatu zuen. Eta proposatzen du, zehazki, Baltegieta kalean ipintzea, kiroldegi gainera igotzeko dagoen arrapalaren azpian gelditzen den puntuan. Zergatik? Berez, arrapalak estalpea ematen diolako; bestetik, aukera daukagulako, gaur egun moduan, hiru jarleku ipintzeko. Proiektuan aurreikusitako moduan, gunea argiztatuko egingo genuke, ilun dagoelako. Eta autobus enpresek eskatuta, aparkaleku gune hori moldatu beharko litzateke: autobusak barrura sartu ahal izateko, espaloian sarrera eta irteera moldatu egin beharko genituzke xaflan batzuen bitartez. Lan horien guztien kostua 9.000 eurokoa izango da.

Errabal ez da egoki ikusten

Errabal kaleko proposamena, berriz, ez da egoki ikusten, ze aztertzen ibili ginenean Errabaleko obren proiektua, ikusi zen kaleak duen zabalerarengatik ezin dela bertan ipini ez markesinarik eta ezta jarlekurik ere. Kaleak ez du nahikoa zabalerarik guztiarendako, errepidea eta espaloia ditu eta gaurko legediaren arabera gutxieneko neurriak bete behar dira aipatutakoak ipintzeko; hortaz, guneak ez du horretarako aukerarik ematen.

Kostu ekonomiko handia

Zubi Nagusiko aukera, ostera,  ez dugu aztertu. Batetik, duen kostu ekonomikoarengatik, 58.000 euro kostatuko litzateke bertako lurrazpiko edukiontziak kendu, zuloak bete, ondoren  autobusak geratzeko gunea egokitu eta hortik aparte markesina eta argi puntu bana ipintzea. Bestetik, edukiontziak beste puntu batean kokatu beharko lirateke. Zein da horretarako puntu egokia? Gaur egun dauden lekuan lagatzea? Hori guztia aztertu egin beharko litzateke".

Oposizioa: EHBildu

"Galdera honakoa da: Bada herrian aukera onik geltokiak bete beharreko gutxienekoak beteko dituena? Horri erantzunez irtengo balira bat baino gehiago daudela, bada, goazen galdetzera herriari. Baina kalean berba eginda, eta galdera hori berori eginda, erantzun bakarra irteten da: Gilako Zubia. Zergatik? Jendeak nahi duelako markesina egotea eta jarlekuak, jarrita egon ahal izateko zain; bereziki edadetuek, autonomia galdu nahi ez duten edadetuek eta autobusa hartzera eurek bakarrik joan nahi dutenek, seme-alabak baldintzatu barik, ze  edadetu horrek nahi du bakarrik ibiltzea batetik bestera, baina akaso ez dago prest markesina eta jarlekurik ez badago hotzetan eta euripean autobusaren zain egoteko, ez duelako horretarako adinik. Beraz, Errabalen ezin bada markesinarik ipini, Errabal ez da aukera bat.

Baltegieta

Eta kiroldegikoari dagokionez, Korner Moreak berak ere esaten du ez dela leku batere segurua;  ondorioz, baldin badago segurtasuna bermatzen duen beste aukera bat, bada, automatikoki hori baztertu egin beharko litzateke.

Aukera bakarra gelditzen denez, hau da, a priori, aukera on eta egoki bakarra, ondorioa garbia da: ipini dezagun Gila Zubian eta listo.

Gainera, pentsa Gila barik Errabal irteten dela. Ze kontuan hartu behar da herri guztiak bozkatu ahal duela, eta gehiago dira autobusa erabiltzen ez dutenak erabiltzen dutenak baino; beraz, zer gertatuko litzateke ohiko erabiltzaile ez diren herritarrek geltokia Errabalen egitearen alde bozkatuko balute (horrek kosturik ez duelako)? Arrisku hori badago. Eta halakoak saihestu egin behar dira, herriari ahalik eta zerbitzurik onena emanez eta kolektibo ahulenak eta txikienak aintzat hartuz, edadetuen kolektiboa, esaterako. Berdin da zenbat erabiltzaile diren. Zergatik bultzatu behar ditugu edadetuak autonomia galtzera eman ahal diegunean laguntza-plus bat?"