Ezin izan diote partiduari buelta eman

Ubane Madera 2019ko urt. 19a, 13:31
Aitor Atxotegi eta Ibai Bolinaga jokoan, gaur eguerdian.

22-8 eginda, galdu egin dute soraluzetarrek Pilotako Euskal Ligaren baitan eguerdian nafarren kontra jokatutako partidua. Egindako guztiak ondo irten zaizkie nafarrei eta etxekoen kaleak baliatuta lortu dute garaipena bisitariek. Hurrengo zapatuan Azkoitian dute hitzordua Soraluzeko ordezkariek.

Atzetik hasi dira jokoan Aitor Atxotegi eta Ibai Bolinaga eguerdian, eskuz binaka Nafarroako bikotearen kontrako partiduan. Bisitariek zazpigarren puntua eginda zutenean lortu dute soraluzetarrek bigarrena egitea. Hala ere, gutxi iraun die zorteak eta 11-3 galtzen zihoazela iritsi dira atsedenaldira.

Zortzi tantoan

Hortik aurrera, eta tantoka-tantoka etxekoek 8ra arte ailegatzea lortu duten arren, ezin izan diote partiduari buelta eman, eta 22-8 galduta bukatu dute. Nafarroako aurrelariak oso ondo jokatu du, eta zortea ere aldeko izan dute, dejada eta bestelakoetan asmatu egin dute-eta bisitariek. Aldiz, Aitor Atxotegik behin baino gehiagotan erakutsi du bere buruarekiko haserrea.

Toldoa jaitsi

Anekdota modura, partiduaren erdi aldera, nafarren pilotakada batean pilota toldoan trabatuta geratu da eta toldoa jaitsi egin behar izan dute hura berreskuratzeko.

Kontuak kontu, soraluzetarrek ez dute nahiko luketen moduko estreinaldia izan Pilotako Euskal Ligan, gaurkoa zein aurreko partidua galdu egin dituztelako. Hurrengo aukera datorren asteburuan izango dute. Atarrabian jokatuko dute orduan soraluzetarrek, Azkoitiko bikotearen kontra.