Zirkulazioaren berrantolaketa «logika bakoa» dela uste du EHBilduk

Ubane Madera 2019ko urt. 18a, 14:24
Ibilgailuak Kalebarrenetik gaur goizean.

EHBildu «logikarik topatu ezinda» dabil Soraluzen egindako zirkulazio aldaketari. Oposizioko koalizioak uste du Gabolatsen zirkulazioaren noranzkoa aldatu izanak “kalte” egin dietela bertako bizilagunei eta oro har, erdiguneko "peatonalizazioaz lasai gozatu" ezina ekarri duela.

EHBilduko bozeramale Unai Larreategik desadostasuna erakutsi du udalerrian egin den zirkulazioaren berrantolaketarekiko.

Batetik, kritiko azaldu da Gabolatseko noranzkoaren aldaketarekiko, bertako bizilagunengan eta oinezkoengan duen eraginarengatik. “Ezoziko biribilgunetik Gabolatsera joateko bideari noranzkoa aldatu diote. Ondorioz inguru horietako aparkaleku (100 bat badira, Ezozibidekoak, Gabolatseko aldapakoak, Baltegietakoak, SAPAkoak...), garaje eta bizilagun guztiak derrigortzen dituzte herri erdiko oinezkoen eremu osotik pasatzera leku horietara iristeko. Bizilagun guzti horientzat kaltea eta kaltea peatonalizazioaz lasai gozatu ezingo dugun herritar guztiontzat".

Arrazoiak eskatu

Eta bestetik, zalantzan jarri ditu berrantolaketa egiteko Udal Gobernuak emandako arrazoiak, eta "konponbidea" eskatu du. "Hau guzti hau merkataritza lanak egiten dituzten kamioiengatik egin omen da. Galderak egin ditut egin beharreko arduradunei baloratu ahal izateko benetan zeintzuk diren arrazoi horiek. Oraingoz ez dut erantzunik jaso baina argi dagoena da gaur arratsaldetik aurrera ez dela aukerarik egongo kalean lasai ibiltzeko. Ea konponbide bat topatzen diogun egoerari denon artean".