Herrian patinaje elkartea sortzeko asmoa

Egoitz Unamuno 2019ko urt. 18a, 08:00
Onintza, hockeyko taldekideekin.

Iraitz Ibarzabalek eta Silbia Maria Morenok  deialdia zabaldu nahi dute herritarren artean patinajearekin interesatuak dauden herritarren zerrenda osatu eta, posible balitz, herrian taldea osatzeko.

“Ba ote dago Soraluzen patinajea eta berarekin lotura duten kirolak praktikatu nahiko litukeen herritarrik?”, horixe da azken hilabeteotan Iraitz Ibarzabalek eta Silbiak buruan darabilten galdera. Azkenean, pausoa eman, eta erabaki du zuzenean herritarrei galdetzea, soraluzetarren artean dagoen interes maila zuzenean neurtzeko, eta, horren arabera, herrian elkartea osatzeko pausoa eman hala ez erabakitzeko.  

Aita-alaben afizioa

Iraitzek berak txikitatik izan du patinajerako zaletasuna, eta zaletasun horretxek berak eroan zuen orain dela hiru urte, bere alaba, Onintza Ibarzabal, Bergarako Burdinola hockey klubean izena ematera. Ordutik, buru-belarri jardun du kirol horretan eta, gaur egun, 13 urterekin, jokatzen du alebin, infantil eta emakumezkoen taldean,  Espainiako ligan; eta deitu diote Euskal selekzioan parte hartzeko ere.

Alabarekin konpartitzen duen afizioa beste herritar batzuekin konpartitzeko gogoak bultzatu du orain Iraitz herrian patinaje elkartea sortzeko aukera esploratzera. “Patinajea edo hockey-a oso kirol konpletoa da, egokia da adin guztietako jendearentzat; eta, gainera, taldeak mixtoak dira liga guztietan, emakumez eta gizonez osatuak. Kirol olinpikoa den arren, minoritarioa da, eta beharbada, horri esker, parekideagoa. Uste dut aukera polita dela beste kirol bat ezagutzeko eta horregatik erabaki dugu ahalegina egitea herrian praktikatu ahal izateko”.

Izena emateko

Patinatzen ikasi edo hoxckey-a praktikatzeko interesa duten herritarrak Iraitzekin jar daitezke harremanetan, 688 66 56 27 zenbakira deituta. Nahikoa herritar batuz gero, Iraitzek eta Silbiak elkartea sortuko dute.

Bestalde, datorren domekan, goizeko 11:00etatik 12:00etara bitartean, patinajezaleak kiroldegiko frontoian batuko dira, euro baten truk, patinatzera.