Pilotako Euskal Ligako partiduak, zapatuan kiroldegian

Ubane Madera 2019ko urt. 17a, 15:32
Aitor Atxotegi jokoan.

Bihar, barikua, eta etzi pilota hitzordu ugari izango dira Soraluzen. Batetik, alebin mailako Gipuzkoako txapelketako partiduak jokatuko dituzte bihar. Eta bestetik, zapatuan Pilotako Euskal Ligako txapelketako eta benjamin mailako eskolarteko partiduak izango dira, goizez eta arratsaldez.

Bihar, barikua, 19:00etan hasiko dira pilota hitzorduak Arane kiroldegian. Gipuzkoako txapelketaren baitako bi pilota partidu jokatuko dituzte alebin mailan. Hain justu, Eneko Felixek eta Ekhi Amuategik Azpeitiko bikotearen kontra jokatuko dute, eta haien ondoren, Iker de Losantosek eta Ane Fidalgok Azkoitiko bikotea izango dute aurrez aurre.

Pilotako Euskal Liga

Zapatuan, berriz, Pilotako Euskal Ligari dagozkion partiduak jokatuko dira Soraluzen, Arane kiroldegian eta goizetik. Bi partidu izango dira eta bigarrena jokatuko dute etxekoek: Aitor Atxotegik eta Ibai Bolinagak, Gipuzkoa ordezkatzen. Aurrez aurre izango dute, berriz, Nafarroa ordezkatzen duen bikotea: Lansalot eta Arbizu. Aitor Atxotegi pilotariak esan duenez, goizen jota 11:45ean jokatuko dute, “eta dena normal badoa, 12:00ak inguruan”.

Izan ere, 11:00etan hasiko dira Pilotako Euskal Ligako partiduak eta lehenengoa jokatuko du Azkoitiko bikoteak Atarrabiako bikotearen kontra.

Estreinaldia izango du Soraluzeko bikoteak Pilotako Euskal Ligan, txapelketako lehen partidua Gorka Santamariak eta Manex Balerdik jokatu zuten-eta. Besteak beste, Atxotegi eskuan min hartuta izan da Gipuzkoako txapelketaz geroztik eta osatzen eta indarberritzen ibili da orain arte.

Bestalde eta zapatuan segituz, goizekoak eginda, arratsaldean ere izango da pilota ikusgai kiroldegian. Kasu honetan, benjamin mailako eskolarteko bigarren faseko sei partidu jokatuko dituzte 16:30ean hasita.