Autoestimua indartsuago

Ubane Madera 2019ko urt. 17a, 12:15

Emozioen tailerreko lehen saioan 15 bat lagun elkartu zen atzo iluntzean, eguaztena.

Giro ederrean egin zuten atzo, eguaztena, Esperientzia Gelak urte hasierarako antolatutako emozioen tailerraren lehen saioa. Olga Pelaez coach soraluzetarrak gidatuta, 15 bat lagun elkartu ziren tailer honen lanketaren bigarren edizioan.

Zirkuluan ipini eta oro har, norberaren buruari buruzko ikuspegi positiboa lantzeko ariketak egin zituzten atzo iluntzean, Itxaropena elkarteko areto nagusian, esperientzia emozionala, autoestimua eta barre-terapia langai izango dituen tailerrean.

Norbere buruari opariak egiteko beharra, norberaren ezaugarri positiboak kontuan hartu eta aitortzea, bizitzan izandako lorpen garrantzitsuak ere kontuan hartu eta aitortzea, perfekzionismoa baztertzea, norberarendako denbora gordetzea… eta antzeko lanketak egin zituzten, guztiak ere, autoestimua indartzera bideratutakoak.

Beste hiru saio

Atzo iluntzekoa, lehen saioa izan zen, eta beste hiru egingo dituzte, otsailaren 6ra bitartean, eguaztenetan 17:00etatik 19:00etara.

Hain justu ere, 2018an tailer berbera egin zuten, eta bertan parte hartu nahi zuten askok kanpoan geratu behar izan zuten, leku faltarengatik. Horrexegatik dabiltza orain atzera ere errepikatzen tailer bera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.