Azken urteotan, interneten nabigatzeko modua aldatu egin da. 2018an, Plaentxia.eus-eko irakurleen %70 mugikor bidez sartu ziren, eta %24a besterik ez ordenagailutik. Joera horri erantzunez berritu da Plaentxia.eus-en egitura eta diseinua.
Aurreko diseinuetan ez bezala, oraingoa smartphoneetarako pentsatu da, eta hortik abiatuta egokitu da ordenagailu eta tableta formatuetara. Esaterako, hasierako orriaren pisua arindu egin da, karga denborak azkarragoak izan daitezen. Izan ere, mugikorrak kontsumo denborak murriztea ekartzen du, erabiltzaileek azkartasuna bilatzen dutelako. Webgune berrituan irudiek indar handiagoa hartu dute eta testu gutxiago dago azalean; bideoak ez dira hasierako orrian kargatuko, eta, horri esker, azalaren karga arintzea lortu da.
Ordenagailuko bistan are agerikoagoa izango da aldaketa. Orain arteko zutabe erako antolaketa alde batera laga da eta edukia lerro horizontaletan antolatuta dator orain.
Bestalde, komunitateak itxura modernoagoa dauka; kideei presentzia handiagoa eman zaie, parte-hartzea saritzeko. Argazki galeriek interes handia pizten dute, eta horiek erakusteko era aldatu egin dute, bildumak erosoago ikusteko. Tokikom-en, ekimenez berritu da webgunea (Pil-pilean Tokikomeko kide da).
Tokikomen ekimena
Webgune berria hainbat hilabetean elkarlanean egindako lanketa baten emaitza da. Behar berriak identifikatu ostean, CodeSyntaxeko eta Tokikomeko -euskarazko tokiko komunikabideen bateragunea- hainbat kidek elkarlanean landu dituzte webgune berrirako aldaketak, eta berrikuntza Tokikom plataforma duten komunikabide guzteitan gertatu da.
Plaentxia.eus-ekin batera, euskarazko tokiko beste hainbat hedabidek ere berritu dute euren webgunea: Goiena.eus (Debagoiena), Baleike.eus (Zumaia), Anboto.org (Durangaldea), Ataria.eus (Tolosaldea), Euskalerriairratia.eus (Iruñerria), Karkara.eus (Orio), Maxixatzen.eus (Azkoitia)… Eta datozen asteetan beste hainbatek berrituko ditute: Aiurri. Eus (Andoain), Erran.eus (Nafarroako mendialdea).
Tokiko komunikabideak etengabeko berrikuntza prozesuan daude sartuta eta gero eta pisu handiagoa dute euskal komunikazio esparruan.
Oharra: Datozen egunetan hainbat egokitzapen egin beharko dira webgunean. Aldez aurretik, barkatu erazgopenak.