Pilotako Euskal ligan estreinatuko da Soraluzeko bikotea

Ubane Madera 2019ko urt. 11a, 16:30
Santamaria eta Balerdik jokatuko dute bihar Euskal Ligan.

Bihar, zapatua, Pilotako Euskal Ligan, Nagusi Mailan estreinaldia izango du Soraluzeko Pilota Elkarteko bikoteak. Gorka Santamariak eta Manex Balerdik Bizkaiko bikotea izango dute aurrez aurre, Markinan, 19:00etatik. Bestalde, gaur 19:30etik Udaberriko Txapeleketako Paleta mailako palako partidu bi izango dira kiroldegian.

Azaroan Gipuzkoako txapeldun izendatzeari esker, Soraluzeko Pilota Elkarteak ordezkatuko du lurraldea Pilotako Euskal Ligan. Eta hain justu ere, bihar, zapatua du estreinaldia etxeko ordezkaritzak.

Laugarren partidua

17:00etan hasiko da pilota jaialdia Markinan. Eta laugarren partidua jokatuko dute Gorka Santamariak eta Manex Balerdik. 19:00ak aldera izango da hori. Iurretako bikotea izango dute soraluzetarrek aurrez aurre: Riol eta Otadui.

Bestalde, gaur Udaberriko Txapelketako partiduak jokatuko dituzte Soraluzeko Arane kiroldegian, 19:30ean hasita. Palako bigarren mailako partidua jokatuko dute lehenik eta behin Etxeberria eta Fernandez soraluzetarrek Mutrikuko bikotearen kontra.

Eta haien ondoren, jokatuko dute Lehen Mailan Rasconek eta Herizek Zarauzko bikotearen kontra.