Apirilaren 13an, zapatua, zeharkatuko du Korrikak Soraluze

Ubane Madera 2019ko urt. 9a, 11:08

21. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi du gaur AEK-k. Euskararen aldeko herri-lasterketa erraldoia apirilaren 4an abiatuko da Garestik eta, hamar egunez Euskal Herri osotik igaro ostean, Gasteizen amaituko da, hilaren 14an. Tartean, Soraluze ere zeharkatuko du, apirilaren 13an, 14:30ak bueltan.

Nafarroatik (Gares) abiatu eta Araban (Gasteizen) bukatuko da Korrikaren 21. edizioa. Eta Euskal Herri osoa ukituko du, bertako zazpi hiriburuak tartean. 2.000 kilometro inguru egingo ditu eta Gipuzkoan zehar ibiliko da, bereziki, apirilaren 12an eta 13an. Eta hain justu ere, zapatuan, apirilaren 13an zeharkatuko du Soraluze, Bergaratik etorrita eta Eibarrerako bidean.

Kilometroak salgai datorren astetik

Euskararen aldeko lasterketak arratsaldeko lehen orduan zeharkatuko du gure udalerria, 14:29an, egindako aurreikuspenaren arabera.

Klika du aurtengo leloa, klika egitea aukera bat hartzea delako, euskararen aukera hartzea, hautua egitea. Eta AEKtik jakinarazi dutenez, kilometroak erreserbatzeko aukera datorren astean, urtarrilaren 14an zabalduko da.

Interesdunek Korrika bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko.

  • ARABA 946 464 000 araba@korrika.eus
  • BIZKAIA 946 464 000 bizkaia@korrika.eus
  • GIPUZKOA: 946 464 000 gipuzkoa@korrika.eus
  • IPARRALDEA: 05 59 25 76 09 iparraldea@korrika.eus
  • NAFARROA: 946 464 000 nafarroa@korrika.eus

Ibilbidea, bideoklipa…

Bestalde, ibilbide osoa herrika eta eskualdeka dago ikusgai www.korrika.eus atarian.

Aurten Korrikak izango duen doinuari dagokionez, berriz, Fermin Muguruzaren zuzendaritzapean landutako abestia aurkeztu zuten joan den urte amaieran. Mad Muasel, La Furia eta Fermin Muguruza bera dira interpreteak, eta musika, aldiz, Kataluniako Chalart58 eta Fermin Muguruzak sortu dute elkarlanean. Trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahasten dira abestian.

Elkarlana, errespetua eta transmisioa bezalako mezuak zabalduko ditu abestiak; bideoklipean, aurrez aurre dauden bi mundu eta, aldi berean, osagarriak direnak ageri dira. 100 lagunek baino gehiagok hartu dute parte lanean.

'Txilardegi'

21. edizioan omenduko duten pertsona, berriz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txilardegi izango da. 2012an hil zen donostiar hizkuntzalaria, idazlea eta politikaria. Bestak beste, berau izan zen euskara batuaren bultzatzaile nagusia. Hain justu, Kulturan, euskalgintzan zein pentsamendua egindako ekarpenagatik omenduko dute Txillardegi.