Atxikimendu ugari dabil jasotzen eraso matxistaren kontrako mobilizazio deia

Ubane Madera 2019ko urt. 3a, 16:54

Indarkeria matxistaren kontrako ikurra.

EAJko eta PSE-EEko Gipuzkoa mailako ordezkari politikoak ere izango dira gaur 20:00etan Korner Morea elkarte transfeministak deituta egingo den elkarretaratzean. Besteak beste, Miren Elgarresta eta Eider Mendoza jeltzaleak bertaratuko dira, eta baita Eneko Andueza sozialista ere. Gipuzkoako Aldundiak ere bat egin du mobilizazioarekin.

Martitzenean Soraluzen izandako eraso sexista gaitzesteko elkarretaratzea izango da gaur, Korner Morea elkarteak deituta, 20:00etan Plaza Berrian. Eta geroago eta atxikimendu gehiago dabil jasotzen mobilizazioa.

Aldundia eta Batzar Nagusiak

Goizean bertan, Soraluzeko Udalak erasoa gaitzesteaz batera, iluntzeko protesta ekimenean parte hartzera animatu ditu herritarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du mobilizazioarekin. Eta bertako Berdintasun Saileko zuzendari Miren Elgarresta Soraluzera bertaratuko da, elkarretaratzean parte hartzera. Harekin batera izango da alderdikide duen Eider Mendoza ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea.

Gipuzkoako idazkaria

Alderdi sozialistak ere helarazi du eraso matxistarekiko gaitzespena, herritarrei mobilizatzeko deia egiteaz batera. Horrekin batera, iragarri du Soraluzen izango dela, besteak beste, Eneko Andueza, Gipuzkoako PSE-EEko Gipuzkoako Idazkari Nagusia.

Eta Soraluzeko Sortuk ere bat egiten du mobilizazioarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.