Urteko azken egunean ere, euskal presoen eskubideak aldarrikatu zituzten

Ubane Madera 2019ko urt. 1a, 12:10
Euskal presoen eskubideen alde, abenduaren 31n.

Orain presoak zioen lonetaren bueltan elkartu eta euskal presoen eskubideak aldarrikatu zituzten atzo, urteko azken egunean, 90 bat herritarrek Zubi Nagusian, Sarek deituta. Ohi moduan, bereziki izan zituzten gogoan Sabin Mendizabal eta Sebas Etxaniz preso herritarrak. Urtarrilerako beste hiru hitzordu ere egin dituzte, besteak beste, Motxilak gora! erakusketa eta Bilboko manifestazioa.

Atzo iluntzeko elkarretaratzearen aurretik, gainera, Sabinen lagunek otar zozketarako txartelak saltzen jardun zuten eguerdira bitartean.



Bestalde, urtarrilerako beste bi hitzordu ere egin ditu Sare Herritarrak. Batetik, preso dituzten gurasoen seme-alabek bizi duten errealitatea eta euren testigantza zuzenak jasotzen dituen erakusketa inauguratuko du urtarrilaren 8an, martitzena, 19:00etan, musikarekin eta luntxarekin. Urtarrilaren 12ra arte izango da ikusgai, 19:00-20:30ak bitartean (zapatuan 12:00etatik 13:30era).

"Orain da momentua"

Motxilak gora! izenburuarekin, motxiladun ume, nerabe eta gazteen eskubideen aldeko lana da berau. Gurasoen hutsunearekin bizi diren seme-alabak dira motxiladun umeak: “Handik hona ibili gaituzte gure ama eta aita minutu batzuez ikusi ahal izateko. Hilabetearen gainerako ordu eta asteak gurasorik gabe ematen ditugu. Hori ez da onargarria”, salatu eta bestelako etorkizuna aldarrikatzen dute, “koloreetakoa”: “Orain behar ditugu ama eta aita etxean. Ez 30 urte barru. Zergatik itxaron? Zergatik luzatu egoera hau? Zertarako? Orain da momentua”.

Bilborako autobusa 

Horrekin batera, Soraluzeko Sarek iragarri du urtarrilaren 10ean Maritxipi eta amatxo izenburua duen ipuin kontakizuna egingo dutela, Iratiren eta Egoitzen eskutik, 18:00etan gaztetxean, txokolate beroaz lagunduta.

Eta urtarrila borobiltzeko, hilaren 12an Bilbon egin dute manifestaziorako hitzordua. 17:00etan Casillatik abiatuko da eta bertaratzeko autobusa izango da Soraluzetik. Txartelak salgai daude Arranon, Bolian eta Batzokian.