Futbolzaletasuna bizi-bizi

Ubane Madera 2018ko abe. 30a, 12:43

Jokatu, jolastu, animatu eta, batez ere, elkarrekin gozatu. Hori guztia egin zuten atzo egun osoz Ezoziko futbol zelaian elkartu ziren ehunka futbolari gaztek eta haiekin batera etorri ziren bisitariek. Zelaian zein harmailetan giro paregabea sortu zen Oinarrizko Futbol Eskolen III. Txapelketaren bueltan. Eta, gainera, jarduna gol festarekin eta Sorako alebinen taldea txapeldun izendatuta bukatu zuten. Hori bai, irabazle, talde eta jokalari guztiak izan ziren atzokoan.(Argazkiak: Jokin Ruiz Mateos eta Ubane Madera Zangitu).

Goizean goizetik iluntzera arte, etengabe izan ziren futbol partiduak Ezoziko futbol zelaian. Goizean, ligaxka eran jokatu zuten bertaratu ziren 26 taldeek. Bazkalostean, berriz, “serioago” jarri eta finalen txanda etorri zen.

Bi azken txanpara

Etxekoak ziren bost taldetatik bik lortu zuten azken txanpara pasatzea: alebin mailako Sorako lehen urtekoek eta benjamin mailako lehen urtekoek. Eta bi partiduak izan ziren zirraraz beteta. Gol festa, baina, alebinek ekarri zuten, 2008an jaiotako jokalari gazteek 4 gol sartu zizkien-eta finalean Antiguoko taldekoei. Hala, elkar besarkatuta eta ikusleei txaloka esker ona emanda, ezin-hobe bukatu zuten futbol zelaiko jarduna, azken partidua irabazi zuten-eta Sorako alebinek.

Guztiak irabazle

Futbol eskolen txapelketari amaiera borobila emateko, kiroldegian elkartu ziren ondoren, Soraluzen atzo izan ziren jokalari guzti-guztiei sariak eta garaikurrak banatzeko. Azken batean, futbol eskolen filosofiarekin bat eginez, atzo guztiak izan ziren irabazle. Bisitari izan ziren atzokoan honako taldeetako ekipoak: Eibar, Lengokoak, Corass, Aierru, Sanse, Bergara, Salesianos, Illintxa, Behobia, Amaikak Bat, Martutene, Antiguoko eta Pasaia.

Aipagarria da bereziki, egun osoan futbol zelaian bizi izan zen giro paregabea: bai jokalari gazteen artean, baita harmailetan zein taberna inguruan ere. Gutxitan erakusten duen irudia ikusi zen atzokoan Ezoziko Fubtol Zelaian, Sorako Futbol Eskolari esker. Atzo futbola oso gustuko ez duena ere bilakatu zen futbol-zale.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.