Ehunka futbolzale elkartuko dira bihar Ezoziko futbol zelaian

Ubane Madera 2018ko abe. 28a, 14:00
Sorako jokalariak iazko txapelketan.

Bihar, zapatua, 400 bat futbolari, haien entrenatzaileak eta teknikariak ekarriko ditu Sorako futbol-eskolak Gabonetako futbol-topaketara. Guztira, 26 taldek jardungo dute futbolean 09:15ean hasi eta 18:30ak arte, horietatik bost Soraluzekoak. Eguna borobiltzeko, sari banaketa egingo dute kiroldegian;gainera, guztiendako izango da oroigarriren bat.

Iaz baino futbolari gehiagok eta herri gehiagotakoek parte hartuko dute Soraluze Futbol Taldeko eskolaren eskutik bihar izango den Gabonetako Futbol Eskolako Txapelketan.

Finalak arratsaldean

09:15ean hasi eta 18:30ak arte jokatuko dituzte partiduak Ezoziko futbol-zelaian, eta, ondoren, 19:00-19:30ean egingo dute sari banaketa, kiroldegian. “09:15ean elkarren kontra jokatuko dute; horren arabera egingo da sailkapena arratsaldeko partiduetarako. 14:15-14:30ean hasiko dira final-laurdenak, 18:00etan benjaminen finalak, 18:30ean alebinenak eta 19:00etan sari banaketa. Bazkariak, berriz, kiroldegiko frontoian emango ditugu, txandaka. Eta sari banaketa ere, akaso, bi txandatan egin beharko dugu, kiroldegiko aforoaren arabera. Ze iaz guraso mordoa etorri ziren”, esplikatu dute futbol eskolatik.

Ingurutik eta urrunagotik

8-11 urte bitarteko 400 bat futbolari, haien entrenatzaileak eta teknikariak ekarriko ditu Sorako futbol-eskolak Gabonetako topaketara. Bisitari izango dira Bilbotik, Donostialdetik, Legazpitik, Bergaratik eta Eibartik etorritako taldeak, besteak beste; guztira, 16 herritatik etorritakoak.

Autobusa gora eta behera

Bestalde, futbol-zelairako autobusa ibiliko da 08:30etik 14:30ak arte, eta 13:00etatik 19:30ak arte. Ezozibideko biribilgunean izango du geralekua eta edozeinek erabili ahalko du, baina hori bai, “lehentasuna umeek izango dute, partiduak eurek jokatzen dituzte-eta”, hori azpimarratu dute Sorako ordezkariek. Eskatu dute antolaketako laguntzaileen esanak errespetatzeko, “ez gara profesionalak eta ez dugu arazorik sortzerik nahi”.