San Silvestre lasterketa, “urtea irribarrearekin amaitzeko”

Ubane Madera 2018ko abe. 19a, 15:51
Aurtengo Urban Trailen, korrikalariak kiroldegiko pasealekutik.

Zabaldu dute abenduaren 31n Soraluzen egingo den San Silvestre lasterketarako izen-ematea.  Soraluze, Mugituz! topagunearen eskutik eta San Silvestre Festa izenarekin, lau kilometroko lasterketa ez lehiakorra antolatu dute urteko azkeneko egunerako. Zubi Nagusian izango du abiapuntua, eta helmuga, berriz, Mesedeetako Egoitzan. Gainera, mozorrotuta joateko gonbita egin dute.

“Urtea irribarretsu amaitzeko”, edozein adinetako herritarrei zuzendutako lasterketa ez lehiakorra antolatu du Soraluze, Mugituz! topaguneak abenduaren 31rako. Lau kilometrokoa izango da; irteera Zubi Nagusian izango du, eta helmuga, berriz, Mesedeetako Egoitzan.

Dagoeneko zabaldu dute izen-ematea, kiroldegiko leihatilan. 6 urtetik beherakoentzat doan da parte-hartzea, eta gainontzekoendako euro batekoa.

Zubitik egoitzara

Urteko azken eguneko lasterketa 11:00etan abiatuko da Zubi Nagusitik. Adin guztietako parte-hartzaileak batera irtengo dira, eta berezia izango da. Batetik, mozorrotuta joateko gonbita egin dutelako; eta bestetik, helmugak berak ere emango dio berezitasuna, Mesedeetako Egoitzan bukatuko delako lasterketa.

Honako ibilbidea egingo dute: Gila Zubia-Kalebarren-Gabolatseko zubia-Baltegietako pasealekua-Gilako zubia; 700 metro horiek bost bider egingo dituzte. Ondoren Santa Anako zubira joko dute, eta handitik Atxuritik gora eginez, Mesedeetako egoitzan bukatuko da lasterketa.

Helmugan zain izango dituzte salda beroa eta txorizoa, Mesedeetako egoitzan bertan prestatutakoak. Eta ondoren, parte-hartzaileen artean opariak zozkatuko dituzte.

Elkarlanaren fruitua

Mesedeetako egoitzan bukatzeko arrazoiari garrantzia eman dio Soraluze, Mugituz! topaguneko Jokin Martinezek, elkarlanaren fruitua delako. Izan ere, Mesedeetako egoitza eta bertako egoiliarrak herritarrengana gerturatzeko helburua partekatuta, horretan laguntzeko elkarlanean dabiltza Mesedeetako egoitzako eta Soraluze, Mugituz! topaguneko ordezkariak, kirol jarduerak baliatuta, kasu honetan moduan.

Eskumuturrekoa 

Aipatutakoez aparte, beste berezitasun bat ere izango du lasterketak, Jokin Martinezek esplikatutako moduan: “Hasierako 700 metroko buelta horietako bakoitzeko, kolore jakin bateko eskumuturrekoa hartu beharko dute parte-hartzaileek zubian, zelanbait larregiko abiadurak kontrolatzeko; lasterketa ez da lehiakorra, eta ibilbide osoa egitea da helburua, “irribarre batekin amaitzea urtea, kirol pixka bat eginez”, gaineratu du hark.