Herritarrek Euskaraldian bizitakoak jaso eta elkarbanatzea izan zen topaketaren helburu nagusia.
Ekimenak lagatako zaporeaz galdetuta, “ahalduntzen eta konfidantza hartzen” lagundu diola aipatu du batek, “txaparekin ilusioa, poza eta harrotasuna” sentitu duela beste batek, eta izan da “hizkuntza ohiturak aldatu ahal izateko laburregia” iruditu zaiola esan duenik ere. Beste batzek aipatu du “batzuetan modu positiboan ikusten” zuela eta “beste batzuetan dena berdin jarraitzen duen sentsazioa” izan duela.
Zailtasunen atalean, elkarrizketa elebidunak aipatu dira: “euskaraz ulertzen dutela esan, baina elkarrizketa osoa euskaraz ulertzeko arazoak dituztenekin”; baita, “batzuetan paparrean txapa eroatea ahaztu” zaiola ere. Sorpresei dagokienez, “normalean erderaz hitz egiten duten asko euskaraz hitz egiten entzutea”, edo “euskaraz hitz eginez gero jendeak ez duela gaizki hartzen ikustea” modukoak aipatu dira.
Zertarako balio izan du?
Euskaraldiak zertarako balio izan dien galdetuta, hainbat kontu aipatu dituzte herritarrek: “Ohiturak aldatzeko; euskaraz jarduteko borondatea duen jende asko dagoela ikusteko; lotsak eta beldurrak kentzeko; jendea ezagutzeko; gure aurreiritziak zeintzuk diren ikusi eta gure buruarekiko zailtasunak identifikatzeko; konturatzeko euskaraz berba egiteko askatasun falta daukagula; elkarrizketa elebidunak normalizatzen hasteko; sare bat sortu da eta lagundu du jendea sare horretara gerturatzeko; euskaraz entzuteko deseatzen zeuden belarriprestei euskaraz egiteko; itxita zeuden ate batzuk zabaldu ditu; aurrerapausoak ematea norbere esku dagoela konturatzeko; denok (multzo handia) bide berean jarriz gero, euskaraz komunikatzea posible dela konturatzeko...
Bizipenen koadernoa
Bizipenen koadernoan ondorengo esperientziak jaso dira:
“Ilusioa, jendearengan ere nabaritu izan dut. Ardura, egunero txapa ez ahazteko eta arropan lekuz aldatzeko. Umeen artean inbidia pixkat. Beraiek ere nahi zutelako”.
“Jarrera negatibodun jendea ere topatu dut. Ekimenak ezertarako balio ez zutela uste zutenak”.
“Lankide eta irakasle baten kemena. Kataluniatik etorri eta euskaltegiaren laguntzarekin, klaseak euskaraz ematen saiatu da”.
“Lagunartean nahiz eta denok euskaraz jakin, ohiturak direla eta batzuekin gazteleraz egiten dut. Euskaraldiak balio izan dit ohitura hauei buelta eman eta euskaraz egiteko gure artean”.
“Nire buruari gogora ekarri behar izan diot behin baino gehiagotan, beti erderaz berba egin izan dudan pertsonekin euskaraz normal egin dezakedala”.
“Nire lagunekin inoiz ez dut egin euskaraz, ezta hitz bat ere, eta lehenengo egunean harrituta gelditu nintzen eta poz hartu nuen, ze askok ez dakite baina saiatu dira asko. Bat euskaltegian hasi da”.
“Nere bizian, lehenengo aldiz, euskaraz egin nion erdaldun bati. Berak erdaraz erantzun zidan, baina oso ondo sentitu nintzen”.
“Lagun batzuekin euskaraz hitz egiten saiatu naiz, baina beraiek erdaraz erantzun didate. Ahobizi txapa zeukan pertsona batekin hasi nintzen berbetan eta berak erderaz egin zidan”.
“Lagundu dit euskaraz inposaketa bat egiten nabilen sentsazioa gutxitzen eta gehienetan esperientzia positiboa dela konturatzen”.
“Niretzat nahiko positiboa izan da orokorki, baina hasi orduko bukatu egin delakoaren sentsazioarekin geratu naiz. Egunerokotasunak ez dit eman esperientzia gehiegi edukitzeko aukerarik”.
Errezitaldia, musika eta kantua
Topaketari amaiera emateko, zuzeneko musika saioa eskaini zuten Nagore Sanzek Nagore Sanzek, Asier Elorzak eta euren alaba Mirenek eta Eiderrek. Eneko Beretxinagak Euskaraldiaren balorazio satirikoa egin zuen testu errimatu bat errezitatuta. Horrekin batera, bertaratutako denek Benito Lertxundiren Kimu bat zuhaitzan kantua kantatu zuten, Euskaraldiak ekarri duen kimu berria sinbolizatzeko.
Arianne Unamunok itxi zuen topaketa, Euskaraldiko filosofia berarekin jarraitzeko mezua zabalduz, eta, ziurtatuz, etorkizunean ere, Euskaraldiak jarraipena izango duela euskararen erabileran aurrerapauso gehiago emateko helburuarekin.