Elkartasunezkoan ere txapeldun!

Ubane Madera 2018ko abe. 17a, 10:19
Ander de Luis Usansoloko lasterketako txapelarekin. Argazkia: Ander de Luis.

Usansolon txapela jantzi zuen Ander de Luis korrikalariak atzo, domeka. Usansoloko Mendi Lasterketa Solidarioan parte hartu zuen, hain justu, eta 115 lagunen artean "kirola egiteko asmoarekin" bertaratu zen soraluzetarra helmugaratu zen lehena 15 kilometroko lasterketan.

Tanzaniako ume batzuei laguntzeko antolatutako lasterketa solidarioan parte hartu eta berau irabazi egin zuen atzo, domeka, Ander de Luis korrikalari soraluzetarrak. "Kirola egiteko asmoarekin" bertaratu zen, eta gezurra badirudi ere, lasterketaren ibilbidean zegoen lokatza mordoa erabat lagungarri izan zitzaion.

Iñaki Ruiz lasterketaren antza

"Egia esan, zaila izan zen. Lehenengo, martxa egin zuten ibilbide berberetik. Eta horren ondorioz, dena zapalduta zegoen, baina nik hori oso gustuko dut, oso teknikoa naiz-eta. Bestalde, 900 metroko desnibel positiboarekin, Soraluzeko Iñaki Ruiz lasterketaren antzerakoa izan zen. Pare bat kilometroan bi lagun elkarrekin joan ginen, baina gero ya aurrea hartu, eta nahikoa tarte irabazi nuen, eta lokatza asko zegoenez, ba oso ondo. Bestalde, sari ekonomikorik ez izateak lasterketaren maila apur bat jaitsi zuen, ez zirelako bertaratu beste lasterketa batzuetan parte hartzen duten korrikalari asko", aitortu du Ander de Luisek.

Kontuak kontu, eta sari ekonomiko barik ere, bigarrenari ia lau minutuko aldea aterata helmugaratu zen soraluzetarra inor baino bizkorrago. Eta dagoeneko badu buruan hurrengo hitzordua: "Bergarako San Silvestrera gonbidatu ninduten, Soraluzekoa geroago ipini zuten. Beraz, Bergarakoan izango naiz", kontatu du.