“Egin jauzi eta segi ingurukoekin euskara erabiltzen!”

Ubane Madera 2018ko abe. 14a, 12:05

Gainean dugun 2019a indartsu hasteko, Euskaltzaleen Topagunetik gonbita egin dute ingurukoekin euskara erabiltzen segitzeko, kasu honetan, tokian tokiko mintzapraktika taldeetan parte hartzen. Soraluzen ere badago horretarako izena emateko aukera. Aurten 24 lagunek dihardute udalerrian mintzapraktikan, lau taldetan.

Jauzia, saltoa emateko gonbita egin du Euskaltzaleen Topaguneak 2019. urtean: “Parte hartu al zenuen Euskaraldian? Ziur baietz! Eta orain jauzi egiten jarraitzeko garaia da. Ez duzula saltoa eman oraindik? Ba garaiz zabiltza!  Mintzapraktikako taldeetan lagun artean euskaraz aritzeko aukera bikaina daukazu! 2019a aukeraz hasteko modu hoberik ba al da? Eman izena Mintzapraktikako taldeetan eta segi euskara ingurukoekin erabiltzen! Egin jauzi!”

Lau talde

Soraluzen ere bada horretarako aukera; are gehiago, 10 urte baino gehiagoz dabiltza mintzapraktika lantzen taldeetan. Gaur gaurkoz, 24 lagunek dihardute euskara praktikatzen eta euskara praktika dezaten laguntzen. Lau talde daude sortuta. Astean behin elkartzen dira, ordubetez, taldean. Hain justu, taldeak berak nahi duen modura elkartu ere: kafea hartzen, paseoan, kirola egiten, plazan…

Norbaitek parte hartu nahi badu, honako telefono zenbakira deituta eman dezake izena: 646 87 84 45 (Maialen), edo honako e-postara idatzita: maialen@pilpilean.eus.