Arratsaldean zabalduko dute igerilekua

Ubane Madera 2018ko abe. 14a, 10:17
Igerilekua itxita, sarearekin. Argazkia: Soraluzeko Udala.

Gaur goizean bukatuko dituzte igerilekuaren sabaiaren azpian ipintzen dabiltzan sareari dagozkion lanak, eta arratsaldean bertan zabalduko dute igerilekua, 15:00etan. Horrek esan nahi du arratsaldetik aurrera ohiko funtzionamendua izango duela kirol instalazio horrek. Ildo beretik, datorren astean igeriketa ikastaroak normal eskainiko dituzte. Galdutako egunengatik “konpentsazioa” ere izango da.

Soraluzeko Udalak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean zabalduko dute Arane kiroldegiko igerilekua, sabaipeko sarea ipintzeko lanak bukatzen dabiltza-eta; hori horrela, gaurtik, egunerokotasunera bueltatuko da igerilekuaren funtzionamendua. Besteak beste, datorren astean normal eskainiko dituzte ikastaroak.

Abenduaren 24an eta 31n

Horrez aparte, eta igerilekua itxia izan den denboran galdutako egunengatik “konpentsazio” modura, abenduaren 24n eta 31n kiroldegia zabaldu egingo dute, 09:00etatik 13:00ak arte, bestela egun horietan egun osoz itxita egoten da.

Joan den abenduaren 5az geroztik dago itxita Arane kiroldegiko igerilekua, bertako sabaitik hezetasunak eraginda sabaiko egituraren hormigoizko estaldura-zatiak jausten zebiltzalako. Hain justu, egituraren egoeraren gaineko txostena lantzen badabiltza, behin betiko konponbidea emateko arazoari.