Sarea ipiniko dute igerilekuaren sabai azpian, behin-behinerako

Ubane Madera 2018ko abe. 11a, 14:55

Igerilekua itxita.

Igerilekuaren egoera aztertzen egon da gaur, martitzena, aditu bat. Haren oniritziarekin, behin-behineko konponbidea emango diote igerilekuko arazoari. Hori horrela eta dena ondo bidean, datorren astean igerilekua berriro ireki ahal izatea espero du Soraluzeko Udalak.

Soraluzeko Udalak joan den astean itxi egin behar izan zuen Arane Kiroldegiko igerilekua, segurtasun arazoak zirela-eta. Izan ere, sabaiko egituraren hormigoizko estaldura-zatiak erortzen ari dira eta igerian dabiltzanen gainera erortzeko arriskua dago.

Egituraren egoerari buruzko txostena eskatu dio Soraluzeko Udalak aditu bati. Haren txostenak ezarriko du arazoa behin betiko konpontzeko hartu beharreko neurriak zeintzuk diren, eta ze inbertsio egin beharko den.

Bihar hasiko dira

Bien bitartean, aditu horren oniritziarekin, arazoari behin-behineko konponbidea ematea erabaki du Soraluzeko Udalak: sare bat ipiniko dute sabaiaren azpian, eror daitezkeen estaldura-zatiak jasoko dituena, eta igerian dabiltzanen segurtasuna bermatuko duena. Sarea ipini eta frogatu ostean igerilekua berehala irekitzea da Udalaren asmoa.

Sarea ipintzeko lanak bihar hasiko dira. Dena ondo bidean, datorren astean igerilekua berriro ireki ahal izatea espero dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.