Sabin Mendizabal Logroñoko espetxera lekualdatuko dute

Egoitz Unamuno 2018ko abe. 11a, 08:59

Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi du hiru euskal preso gerturatuko dituela Euskal Herri inguruko espetxeetara; tartean, Sabin Mendizabal Plazaola soraluzetarra. Valladolidetik Logroñoko espetxera ekarriko dute.

Jakinarazi dutenez, Sabinekin batera beste bi euskal preso gerturatuko dituzte: Iñaki Beaumont (Granadatik Soriara), Jon Lopez (Herreratik Darocara).

Espetxeetako Instituzioak hartu du erabakia, kartzeletako tratamendu batzordeen txostenak jaso ondoren. Zigorraren hiru laurdenak beteta, Madrilek dio onartu dutela espetxe legedia, eta bigarren gradua ezarrita, Euskal Herrira gerturatzeko baimena eman du.

Sabinen senideek komunikabideen bitartez jakin dute erabakiaren berri, eta, oraingoz, zuzeneko iturritik dakiten gauza "bakarra" da Sabin Valladoliden dagoela, ez besterik. 

Distantzia erdira

Valladolideko espetxea Soraluzetik 300 kilometro ingurura dago eta, orain arte, senide eta lagunek hiru ordu inguruko bidaia egin behar izan dute Sabin Mendizabal bisitatzeko. Logroñoko espetxea, berriz, 150 kilometro ingurura dago eta bidaia ordu eta erdi ingurukoa da.  

Hiru laurdenak beteta

Sabin Mendizabalek hiru urte eta erdi egin ditu Valladolideko espetxean eta hamar hilabete inguru falta zaizkio lau urte eta erdiko zigorra betetzeko. Uztailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta badira hilabete batzuk bigarren graduan dagoela.

2009an Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxealdia ezarri zion Sabin Mendizabali Ermuko Alderdi Popularraren egoitzan etxean egindako lehergailu bat ipintzeagatik (lehergailua ez zen lehertu). Sabinek ihes egin zuen eta 2015ean atxilotu zuten Donapaleun (Lapurdi). Geroztik, espetxealdia betetzen dihardu.

Urrian Soraluzeko Udalbatzarrak aho batez eskatu zuen euskal presoei ezartzen dieten espetxe-politika aldatzeko.