Kiroldegiko bazkidetzak berritzen hasiko dira

Ubane Madera 2018ko abe. 7a, 13:39

Arane kiroldegia.

Datorren astean Udal Kiroldegiari dagokion bazkide kanpaina abiaraziko du Soraluzeko Udalak. Hau da, kiroldegiko urteko abonua berritzeko kanpaina. Hala, diruz ordaintzen dutenek, abenduaren 31 baino lehen sartu behar dute dirua Euskadiko Kutxan. Bazkidetza bertan behera lagatzeko, berriz, abenduaren 15etik 31ra bitarteko epea dago.

Batez beste, 2-5 euroko igoera aplikatuko diete 2019an Arane kiroldegiko abonuei. Urteko abonu familiar arrunta, esaterako, 215 eurotik 220 eurora igoko da. Familia ugarien kasuan, 140 eurotik 143 eurora.

Beste adibide pare bat ipintze aldera, 18 urtetik gorakoen abonu indibiduala 118 eurotik 121 eurora igoko da. Eta, aldiz, frontoiaren alokairua berdin geratuko da (22 euro) eta padel pistaren alokairua 2,55 eurotik 2,50 eurora jaitsiko dute. Hortik aurrera, eta ikastaroen eskaintzari dagokionez, helduen igeriketa ikastaroen ordutegiak izango du aldaketatxoa, 19:15ean hasi beharrean, 19:00etan hasiko da-eta.

Bariku eguerdietan zabalik

Bestalde, kiroldegiak berak ere beste aldaketa bat izango du: 2019tik aurrera, bariku eguerdietan ez dute kirol instalaziorik itxiko. Gaur egun, 12:00-15:00ak bitartean itxita egoten da igerilekua. Bada, urtarriletik aurrera, martitzenetan, eguenetan eta barikutan, 08:30etik 20:30ak arte izango da kiroldegia zabalik. Eta astelehenetan eta eguaztenetan orain arte moduan segituko du: 07:00etatik 20:30ak arte. Hortik aurrera, orain arteko eskaintza berbera izango du Arane kiroldegiak.

Informazioa etxez etxe

Honen guztiaren berri emateko esku-orria banatuko du Soraluzeko Udalak etxez etxe datozen egunotan. Bertan ekarriko dute gogora kiroldegiko bazkide direnei, bajan eman ezean, zuzenean berrituko dietela urteko bonua. Bazkidetza diruz ordaintzen dutenek, berriz, abenduaren 31 baino lehen sartu behar dute dirua Euskadiko Kutxako ES03  3035 0004 93 0040900023 kontu korrontean, bestela bajan emango zaie.

Bazkidetza bertan behera lagatzeko, berriz, abenduaren 15etik 31ra bitarteko epea dago. Eta abonuan aldaketaren bat egin nahi dutenek ere abenduaren 31ra bitarteko epea dute. Epe bera dute ere, tarifa bereziren baten onuradunek dagokien ziurtagiria aurkezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.