“Oso pozik” bueltatu da Jokin Muñoz Valentziatik

Ubane Madera 2018ko abe. 4a, 09:26

“Uste baino marka pertsonal hobea lortuta”, gustura bueltatu da Jokin Muñoz korrikalaria Valentziako maratoian egindako lanarekin. “32. kilometroan konturatu nintzen marka pertsonal on bat egin ahal nuela, beraz, haginak estutu eta helmugara heltzea tokatzen zen. Arriskatu eta ondo irten zen”, esan du.  

Domekan korritu zuen Jokin Muñozek Valentziako maratoia. Korritu eta bukatu, 2:30:47-ko denbora eginda. Bere buruari aurten ipinitako azken erronka izan da berau, eta “oso pozik” etxeratu da Soraluzeko korrikalaria.

“Eguraldi bikaina” lagun, 08:30ean abiatu zen lasterketa, “jende askorekin eta giro bikainarekin”. Muñozek kontatutakoaren arabera, irteera garbia egin eta 15 pertsona inguruko taldetxoan sartzea lortu zuen.

"Kezka pixka bat"

“Erritmoa nik nahi nuena baino azkarragoa zenez, arriskatzea tokatzen zen. Taldeari jarraitzea erabaki nuen eta maratoi erdia 1:15:14 denborarekin pasatu nuen. Kezka pixka bat baneukan, maratoiaren bigarren zatian gorputzak nola erantzungo ote zuen, baina kilometroak pasa ahala, sentsazioak oso onak ziren eta 32. kilometroan konturatu nintzen marka pertsonal ona egin ahal nuela, beraz, haginak estutu eta helmugara halaxe heltzea tokatzen zen. Arriskatu eta ondo irten zen”, kontatu du Muñozek.

Erronka berriak

Hark gaineratu du bidean laguntza handia izan zuela “familiaren eta lagunen animoak”. Eta behin Valentziakoa eginda, “orain deskantsatzea eta datorren urteko helburuak pentsatzea” tokatzen zaiola.

Hori bai, Valentziatik “arantzatxo” batekin bueltatu dela ere kontatu du: “Nire lagun on batek (Aitor Prietok) ezin izan zuen maratoia bukatu, botilatxo bat zapaldu eta orkatila bihurritu zuelako. Pena handia eman zidan helmugara heldu eta emazteak notizia hori eman zidanean”.  

(Argazkiak: Irati Iñurrieta).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.