Lehiaketa digitala da eta ondorengo helbidean sartu behar da parte hartzeko: https://info.danobatgroup.com/euskara/lehiaketa-2018.html
Galderei erantzuteko www.danobatgroup.com/eu webgunean klikatu eta kooperatibari buruzko galdera orokor batzuei erantzun ondoren DanobatGroupeko hiztegi teknikoan sartu, http://hiztegia.danobatgroup.eus/eu eta hainbat hitzen ordainak aukeratu beharko dira, besteak beste.
Abenduaren 3ra arteko epea izango da lehiaketan parte hartzeko, eta parte hartzaile guztien artean bi bono zozketatuko dira bi lagunek asteburu bat pasatzeko Euskal Herriko landetxe batean.
Konpromisoa gizartearekin eta euskararekin
"DanobatGroupek konpromiso sendoa du gizartearekin, eta hainbat ekimenekin elkarlanean ari da enpresa jardueraren eremu geografikoan ekonomia soziala sustatzen eta laguntzen, heziketa eta prestakuntza sozio-kooperatiboa eta profesionala bultzatzen, izaera soziokulturaleko eta asistentzialeko jarduerak bultzatzen eta sustatzen, eta elkartasuna eta interkooperazioa bultzatzen, bai eta ikerketa eta garapena bultzatzen ere, jarduera berriak zein interes bereziko proiektuak babesten dituzten ekimenen alde eginda", azaldu dute kooperativako arduradunek.
Gizartearekiko konpromiso sendo horretan kokatzen da euskararekiko konpromisoa ere.
DanobatGroupek harreman sare zabala du eta bezeroekin sarri ingelesa baliatu behar izaten badu ere bertako langile, hornitzaile, bezero, ikastetxe, administrazio eta abarrekin "euskara erabiltzeko konpromiso sendoa du" eta horren adierazgarri kooperatiba guztietan euskararen erabilera bultzatzeko dituen planak, eta lortutako eta lortzeko bidean dauden Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak.
Sartu webgunean
Aurten, aurreko urteetako bideari jarraipena emanez, DanobatGroupek lantegiak dituen herrietako herritar guztiengana iritsi nahiko luke webgunea bisitatzera gonbidatuz eta euskararekiko konpromisoa ezagutzera emanez. Beraz, "sartu ariketan, kontsultatu web gunea, sartu hiztegi teknikoan, klikatu Tailerreko Eskuliburu Teknikoan… osatu ariketa eta hartu parte bi lagunentzako asteburuko zozketan. Euskara aldean, erabili lanean, etxean, kalean…"