Domekan lehiatuko da Jokin Muñoz Valentziako maratoian

Ubane Madera 2018ko aza. 29a, 09:14

Jokin Muñoz alabarekin Behobia-Donostia lasterketan. Argazkia: Jokin Muñoz.

Gaur, eguena, abiatuko da Jokin Muñoz korrikalaria Valentziara. Izan ere, domekan bere bizitzako laugarren maratoian parte hartuko du soraluzetarrak. 23.000 korrikalariren artean lehiatuko da, eta “ondo preparatuta” doala adierazi du, nahiz eta hori bai, “errespetu handia” dion distantzia horri.

Aurtengo azkeneko helburuari aurre egiteko gogotsu dago Jokin Muñoz korrikalaria: Valentziako maratoia. Domekan, 08:30ean hasiko da lasterketa, maratoia izanda, 42 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote korrikalariek. Eta orain arte bertan egindako markarik onena buruan dutela lehiatuko dira asko: 02:05:15, Sammy Kitwarak iaz egindako marka, alegia.

Baldintza asko

Jokin Muñozi dagokionez, ez dio erronka makala jarri bere buruari: 2018ko Laredoko maratoian lortutako marka hobetzea: 02:34:19. Eta hori lortzeko “ondo preparatuta eta inongo leziorik gabe” doan arren, “gauza denak ondo joan behar dira, hankak fresko edukitzea, talde on bat hartzea hasieratik, lasterketan jaten duzunak kalterik ez egitea, eguraldia…”, azpimarratu du Mendaron jaiotako korrikalariak.

Erritmoa markatuta

Horrekin batera, hark adierazi du egiten duen laugarren maratoia dela oraingo hau, eta “errespetu handia” diola distantzia horri. Hala ere, gaineratu du ez duela ezer galtzeko eta erritmo jakin batean abiatuko dela: “Entrenatzaileak (Xabier Muriel) eta nik markatutako erritmoan irtengo naiz eta gero ikusi egin behar zela doan dena”.

Gaur, eguena, abiatuko da Valentziarantz, familia eta lagunak ondoan dituela, “han pare bat egunean korrikan egin eta lasai egoteko; gainera, lagunen eta emaztearen eta alabaren animoak laguntza handia izango dira Valentzian”, azaldu du.