Gaur, barikua, bi pilota partidu jokatuko dituzte Arane kiroldegiko frontoian. 20:00etan hasita, infantil mailakoek jokatuko dute lehenengo: Unai Rodriguez eta Unai Moreno soraluzetarrek Eskoriatzako bikotearen kontra.
Villabonakoa aurkari
Horren ondoren, berriz, Manex Balerdiren txanda izango da. Antzuolako pilotariak estreinaldia izango du gaur hasiko den Gipuzkoako Eskuz Banakako txapelketan. Soraluzeko Pilota Elkartearen izenean parte hartuko du lehian, eta lehen partiduan aurkari izango du Villbonako Esnaola.
Gabonak aurretik
Hain zuzen ere, Gipuzkoako Eskuz Banakako Txapelketaren hasieran hiruko taldeak egin dituzte. Hori horrela, Balerdik hurrengo asteburuan izango du hurrengo hitzordua. Eta, biak irabaziz gero, aurrera egingo luke txapelketan.
Aitor Atxotegik, Soraluzeko Pilota Elkarteko arduradunak esplikatu duenez, talde asko daude txapelketa horretan, hortaz bidea luzea izango da. Gabonak aurretik amaituko da, hala ere. Eliminatorioa delako.
Eskuz binaka txapeldun
Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketako txapeldun izendatu berri da Manex Balerdi, Aitor Atxotegirekin bikote. Azken horrek Balerdiri buruz esan du “binaka erakutsi duen mailarekin segitzen badu, aukerak” izan ditzakeela txapelketan, baina “partiduz partidu” joan beharra dagoela gogora ekarri du.
“Gogotsu” zebilen Manex Balerdi lehiaketara aurkezteko. Aitor Atxotegik, berriz, nahiago du atseden hartu, eskuan min hartuta bukatu zuen-eta eskuz binakako Gipuzkoako txapelketa.