Ekitaldi horretan, Euskaraldia antolatzen ari diren erakundeez gain, hainbat hezkuntza eragile elkartu dira; besteak beste, Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzailea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko Hizkuntza politikarako presidente-ordeak eta hainbat eragileetako ordezkariek (zerrenda oharraren bukaeran).
Euskaraldia abiatu zenetik ekimena zabaldu eta ekarpena egiteko prest agertu dira hezkuntza eragileak. Horrela bada, asko dira herriz-herriko lantaldeetan lanean izan eta Euskaraldiaren sustatzaile bihurtu diren hezkuntza arloko entitateak. Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, azaldu duen bezala: "Euskaraldia 16 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago; erabaki kontzientea da. Baina hezkuntza-sarean ez dira soilik haur eta nerabeak batzen. Horregatik garrantzia handikoa da elkarlanean egiten ari garen lana".