Helduek zein umeek parte hartu zuten atzo iluntzean Hamabostero Hankabero kirol hitzorduaren estreinaldian. 20 bat lagun abiatu ziren Zubi Nagusitik, ume zein heldu. Eta zirkuitua amaitu zutenek “erakutsi zuten errepikatzeko nahia dutela eta ekimena lagunei gomendatzeko asmoa ere badutela”, kontatu du ekimenaren antolatzaileetako bat den Jokin Martinezek.
Harrera ona
Edozelan ere, lagun gehiago ere izan ziren zubian ipinitako karpara informazio bila galdezka joan zirenak. Izan ere, arratsaldeko lehen ordutik musikarekin girotu zuten Zubi Nagusia Soraluze, Mugituz! topaguneko kideek, Hamabostero Hankabero ekimenaren estreinaldiaren berri lau haizetara emanez.
Eta jasotako harrerarekin “oso pozik” dira bultzatzaileak: “Abiapuntu polita izan zen egitasmoarendako. Irudikatu ahal izan genuen egitasmoaren nortasun irekia, adin guztietako pertsonak agertu ziren-eta: umeak zein helduak. Oso pozik gaude izan zuen harrerarengatik eta baita ere horrelako egitasmo berri bat martxan jartzearren. Inpresio onarekin geratu ginen”, azpimarratu du Martinezek.