Lehen helburua gaindituta

Ubane Madera 2018ko aza. 15a, 11:33
Jokin Muñoz Behobia-Donostia lasterketan. Argazkiak: Irati Iñurrieta.

Gustura dago Jokin Muñoz korrikalaria domekan Donostia-Behobia lasterketan lortutakoarekin. Bi helburu zituen bere buruari jarrita urte amaierarako: Behobia-Donostia lasterketa eta Valentziako maratoia. Eta lehen kirol proban 42. postuan helmugaratu zen, 1:09:33 denbora eginda, txapeldunarekiko 9 minutu eta 15 segundora besterik ez.

Donostia-Behobia lasterketan parte hartu zuten 26.027 korrikalariren artean, 42. helmugaratu zen Jokin Muñoz soraluzetarra domekan. Oso pozik dago emaitza horrekin; are gehiago urte amaierarako bere buruari jarritako helburuetako bat gainditzea lortu duelako.



Pena bakarra dauka, hori bai, Gaztañerre azoka albo batera laga behar izana lasterketan parte hartu ahal izateko. Hala ere, asko eskertu zituen egun horretan goizean goizetik jaso zituen lagunen animoak.

Hurrengoa, Valentzian

Kontuak kontu, domekako lasterketan denbora ona egiteaz aparte, abenduaren 2an egingo duen Valentziako maratoirako prestaketa zela doan ikusteko proba garrantzitsua izan zen Behobia-Donostia, eta orduko emaitzak erakutsi dio Muñozi bide onetik dabilela.

Horrelaxe baieztatu du korrikalariak: “Zalantza eta urduritasun pixka batekin joan nintzen, ibilbide gogortxua da, eta niretzat lehen Behobia-Donostia zen. Han ezin duzu erritmo edo pultsazio jakin batean korrika egin, eta indar eta erritmo biziko lasterketa da. Irteerako giroa eta onenen inguruan ikustean, igartzen da lasterketa desberdina dela. 20 kilometroak segituan pasatu zitzaizkidan eta ez dago metrorik zaleen berotasuna sentitzen ez duzunik. Emaitza ona lortu nuen, hego haize bolada handirik ez zegoen, baina batzuetan alde, kontra edo albotik edukitzeak asko desgastatzen du. 1.09.33ko denbora eginda eta 42. postua eskuratuta, baina, Valentziako maratoirako prestakuntza bide onetik doala ikusi nuen”.

Gogor entrenatzen

Izan ere, gogor entrenatzen dabil Jokin Muñoz Valentziako maratoira begira. “Astean sei aldiz eta egunean bi ordutik hiru ordura, entrenamendu motaren arabera”, esan du. “Bidegorrian edo kiroldegiko gimnasioan” entrenatzen du korrikalariak eta elikadura ere asko zaintzen duela kontatu du: “Entrenamenduaren beste atal bat modura hartzen dut eta familiakoak Soraluzeko Bidetxior Kontsumo Taldeko parte gara”.

Soraluzetarrak Behobia-Donostian

Bestalde, Jokin Muñoz korrikalariaz gainera, bestelako soraluzetar batzuek ere parte hartu zuten Donostia-Behobia lasterketan; honako hauek, hain zuzen ere:

- Jokin Muñoz Olazabal: 1:09:33 (42. postuan)
- Joseba Garcia Molledo: 1:18:42 (567. postuan)
- David Rascon del Caño: 1:19:10 (616. postuan)
- Aitor Prieto Oregi: 1:30:54 (3.480. postuan)
- Josu Martin Gomez: 1:34:46 (5.071. postuan)
- Iñaki Arrondo Agirre: 1:35:49 (5.558. postuan)
- Ruben Fernandez Alvarez: 1:46:31 (11.695. postuan)
- Miguel Borinaga Trebiño: 2:05:09 (20.861. postuan)