Bederatzi egun falta dira Euskaraldia hasteko eta, dagoeneko, 380 plazentziatar daude izena emanda. Baina izena eman duten pertsona kopuruak baino gehiago, antolatzaileak bereziki poztu ditu prestakuntza-tailerrek izan duten harrerak. Izan ere, 90 herritar baino gehiagok eman dute izena tailerretan, eta horrek aukera emango du ariketa eraginkortasun handiagoz egiteko.
Atzo egin zuten lehen prestakuntza-tailerra Euskaraldiko lokalean, Ahobizi rolari zegokiona. Bertan, hogeiren bat herritarrek parte hartu zuten eta elkarrekin, azaroaren 23an hasiko den ariketa behar bezala egiteko oinarri landu zituzten, teorikoak zein praktikoak. Estres linguistikoa eta asertibitatea moduko kontzeptuak aztertzeaz gainera, balizko egoerak antzeztu zituzten eta egoera horietan erabilgarri suerta daitezkeen jokabideak identifikatu; esaterako, elkarrizketa elebidunak mantentzeko gaitasuna.
Oraindik ere badago aukera tailerretan izena emateko. Ondorengoa da egutegia:
Ahobizientzako saioak
Azaroak 15, eguena: 11:00-12:30 eta 18:30-20:00 (Euskaraldiko lokalean).
Azaroak 17, zapatua: 11:00-12:30 (Herriko Antzokian)
Azaroak 18, domeka: 11:00-12:30 (Herriko Antzokian)
Belarriprestentzako saioak
Azaroak 16, barikua: 09:30-11:00 eta 18:30-20:00 (Euskaraldiko lokalean).
Azaroak 17, zapatua: 11:00-12:30 (Etxaburuetako Elkartegian)
Azaroak 18: 11:00-12:30 (Etxaburuetako Elkartegian)
Tailerretan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da: soraluze@euskaraldia.eus helbidera idatzita, 688 613 698 telefonora deituta edo zuzenean Euskaraldiko lokalera joanda. Zaintza zerbitzua ere eskainiko dute, parte hartzeileek hala eskatuz gero.
Txapak eskuragai
Ahobizi eta belarriprest txapak heldu dira herrira eta tailerretan parte hartzen dutenek zuzenean jasoko dituzte. Gainerakoek, domekan Euskaraldiko lokalean jaso ahalko dituzte 12:00-14:00 bitartean edo datorren astean ondorengo leku eta ordutegietan: goizez, Udaletxeko harreran 09:00etatik 14:00etara bitartean; edo, arratsaldez, Euskaraldiko lokalean, 14:30-20:30era bitartean.
Antolatzaileek gogorarazi dute txapa azaroaren 22rako -datorren asteko egunerako- eskuratu behar dela, Euskaraldia hasten den egunean, azaroaren 23an -ez aurretik!-, paparrean jantzita ateratzeko.