“Mina berbera da guztiondako”

Ubane Madera 2018ko aza. 14a, 11:38
Patxi Elola eta Jorge Perez elkarbizitza lantegian.

Zuzenean edo zuzeneko senide baten bitartez indarkeria jasan duten Patxi Elola zarauztarra eta Jorge Perez eibartarra Soraluzeko antzokian izan ziren atzo, martitzena. Glencree ekimenean oinarritutako dokumentalaren proiekzioaren ondoren, bertan bizi izan zuten esperientzia partekatu zuten. Ondorio nagusia honakoa: “Jasandako mina berbera da guztiondako eta horrek elkartu egiten gaitu”.

Jorge Perez eibartarra da, eta Polizia Nazionalak Roberto Perez anaia hil zion Burgosko prozesuaren kontrako manifestazio batean Eibarren, 1970eko abenduaren 8an. Patxi Elola, berriz, zarauztarra da, PSE-EEko zinegotzia. Eta haren negozioari (lorezaintza) eraso ugari egin zizkioten, eta berak ere zuzenean pairatu zituzten mehatxuak bere herrian (dianak, pintadak…).

Minak elkartu

Biek ala biek partekatu zuten atzo Soraluzeko Herriko Antzokian Glencreen (Irlandan) 2007-2012 urteen bitartean egindako topaketetan parte hartzeak ekarri dizkien onurak. Ondorio nagusia, honakoa: jabetu ziren indarkeriaren eraginez jasan eta jasaten segitzen duten mina berbera dela guztiendako, izan ETAren biktima edo izan poliziaren, GALen… biktima. Eta min horrek elkartu egin zituela.

Ezjakintasun handia

“Nik ez nuen Glencreera joaterik nahi. Bereziki haserre nengoen gonbidapena egin zidatenean (2007), ze Eibarko Udalak ETAren biktimei aitortza egin zien eta nire anaia ez zuten aintzat hartu. Azkenean, baina, joan egin nintzen. Hasieran oso gogorra izan zen. Baina norbere lekukotasuna kontatzean eta besteena entzutean, konturatzen zara ordura arte jabetu barik geundela beste pertsona askoren sufrimenduaz”, kontatu zuen Jorge Perezek.

Mina ideologien aurretik

“Nik ez nuen joateko batere gogorik. Baina gero bertan, oso garrantzitsua izan zen zuzenean entzutea denok pairatutakoa. Faktore humanoa. Politikari buruz berbarik ez egitea. Eta azkenean jabetzen zara minak ideologiek baino gehiago lotzen zaituela. Eta gu izan baginen gauza elkarrekin berba egiteko, beste edozein ere bada horretarako kapaz”, azpimarratu zuen Patxi Elolak.

Horrela, eta testuinguru hartako zailtasunak zailtasun (ETAk borroka armatuari eusten zion eta atxiloketak indar betean zeuden) Elolak zein Perezek, biek ala biek azpimarratu zuten Glencree ekimenean parte hartu zuten guztiek pozik bukatu zutela esperientzia harekin, “positiboa” izan zela, baita ere “garapen pertsonalerako”. Eta egindakoa bakearendako “ekarpena” izan baliteke, ba are hobeto.

Egiteko handia

Amaieran, hainbat herritarrek galderak egin zizkieten. Batek, adibidez, eskerrak eman zizkien izandako ausardiarengatik eta kritiko azaldu zen antzokian bertaratutako jende kopuru txikiarekin (20 bat lagun).

Beste batek, berriz, inpunitatea mahai gainean jarri zuen. Azpimarratuz Estatuak gatazkan paper determinantea jokatu duela, “inpunitate” handia dagoela zentzu horretan, eta hori ez dela dokumentalean jasotzen. Zentzu horretan, erantzun zioten Glencree ekimenaren helburua biktimekin lan egitea zela, mota guztietako indarkeria jasan duten biktimekin, eta ez politikari buruz berba egitea.

Hala ere, guztiek onartu zuten oraindik lan handia dagoela egiteko; Perezek, adibidez, azpimarratu zuen gauza asko aldatu behar direla gaizki egindakoa gaizki egon zela onartzeko. Eta Elolak azpimarratu zuen egiteko asko dagoen arren, orain dela urte batzuk pentsaezinak izango liratekeen pausoak ematen badabiltzala, txikiak baina pausoak. Eta zentzu horretan kontatu zuen, adibidez, Zarautzen 11 urtean dabiltzala gaia lantzen, eta aurrerapausoak poliki-poliki ematen direla, “baina alderdi politiko guztiak elkartzea ja aurrerapausoa bada”.