‘Hamabostero Hankabero’: herritarrendako ibilbide gidatuak

Ubane Madera 2018ko aza. 13a, 10:05
Jose Luque eta Jokin Martinez 'Hamabostero Hankabero' ekimenaren kartelarekin.

Bihartik hasita, azaroak 14, eguaztenero taldean ibilaldi gidatua egiteko aukera izango da Soraluze, Mugituz! topagunearen eskutik. Ibiltzea, mugitzea eta jendearekin harremanak izatea gustuko duen edozeinek parte har dezake Hamabostero Hankabero ekimenean. 19:00etan Zubi Nagusian elkartu, eta bertatik abiatuko dira 45-60 minutuko ibilaldia egitera, herrigunetik.

2018an egin dituzten ekintzei beste bat gehitu behar dio Soraluze, Mugituz! topaguneak: Hamabostero Hankabero. Izenak adierazten duen moduan, ekimenaren helburua da hamabostean behin elkarrekin ordubete inguruko ibilbideak egitea, urrian egin zen Andaina Herrikoiaren “izpiritu” berberarekin, antolatzaileek esplikatu dutenez.

4-6 kilometroko ibilbideak

Jose Luquek eta/edo Itsaso Martinek gidatuko dituzte ibilaldiak, petoek lagunduta. Eta bihar, azaroak 14, egingo dute lehenengoa, Urban Traileko Andaina Herrikoiko ibilbidea baliatuta. Hurrengo hitzordurako, berriz, azaroaren 28rako beste ibilbide bat prestatuko dute, hura ere 4-6 kilometro ingurukoa; eta denborarekin zikloak sortuko dituzte ibilbideekin, bestela esanda, errepikatu egingo dituzte. 

“Ibilbideak aldez aurretik zehaztuta daudenez, begiraleak gidatuko du martxa-ibilaldia; baina jendeak ibilaldia ezagutzen badu, abiadura askean joan ahal dira. Herritar guztion artean topagunea sortzea da helburua, kirola aitzakia moduan erabilita. Andaina Herrikoiarekin eta beste ekintza askorekin, Soraluzen zerbait antolatzen denean batu egiten gara, jendearekin harremanetan gabiltza… eta elkarren arteko errespetua bultzatzen da”, esplikatu du Jokin Martinezek, Soraluze, Mugituz! ekimeneko kideak.

Jendeak behar duen bultzada

Antolatzaileek, gainera, azpimarratu dute berdin dela ibilaldia egitera bertaratzen den jende kopurua. Bakarra azalduta ere ibilaldia berdin-berdin egingo dute: “Urban Trailaren aurretik egin genuen entrenamendua asko gustatu zitzaion jendeari. Urban Trailaren ondoren ere, jendeak esan zuen gustuko zuela zerbait desberdina egitea. Eta hau desberdina da: kiroldegi barruan, ordaindutako zerbait egin beharrean, kalean elkartuko gara 19:00etan, nahi duena etor daiteke ibiltzera doan, eta badaki ez dela bakarrik egongo, begiralea hantxe izango da. Begiraleek berdin-berdin egingo dute ibilbidea, pertsona bakarra azalduta, euria izan, hotza izan…Badago jendea zerbait egiteko gertu dagoena baina bultzada falta zaiona. Hori gara gu”, azpimarratu du Jose Luquek.

Kaleak bizi

Bestalde, kirola eta herritarren arteko harremanak bultzatzeaz aparte, kalea beste modu batera erabiltzen laguntzea ere badu helburu Hamabostero Hankabero ekimenak: “Ez gaude ohituta gure herriko kaleak parke, kirol-gune… moduan erabiltzera. Erosketak egiteko, zerbait hartzeko… bakarrik direla dirudi. Badirudi bestela jendea ez dela kalera irteten korrika egitera, ibiltzera… jendeari lotsa ematen diola dirudi. Eta hori ere bada helburua: gure herriko kaleak beste era batera bizitzea eta ospatzea; eta apurtzea orain artekoarekin: herri barrua ez da kirola egiteko, ez da ondo pasatzeko, da poteorako edo erosketak egiteko… Ondo dago herritarrok gure kaleak beste era batera erabiltzea”.