Gipuzkoako txapeldunak!

Ubane Madera 2018ko aza. 12a, 11:17
Aitor Atxotegi eta Manex Balerdi garaikurrekin, zapatuan. Argazkia: Aitor Atxotegi.

Amezketako bikoteari 22-20 irabazita, Gipuzkoako txapelketa irabazi dute Soraluzeko Pilota Elkarteko Aitor Atxotegik eta Manex Balerdik, eskuz binaka. Pozik, oso pozik daude lortutakoarekin, are gehiago, ordubete pasako partidu gogorra irabazi zutela kontuan hartuta.

Zapatuan, Soraluze Gaztañerre azoka bete-betean murgilduta zegoen bitartean, Soraluzeko Pilota Taldeko Aitor Atxotegi eta Manex Balerdi pilotariak Idiazabalgo frontoian izan ziren, Gipuzkoako txapelketako finala jokatzen.

11:30ean hasi eta 12:30ean oraindik orain bukatu barik zuten eskuz binakakoa. Izan ere, emaitzak erakusten duen moduan, parekatua izan zen zapatuko finala: 22-20 irabazi zuten soraluzetarrek.

Pilota aldaketa

“Gogorra izan zen partidua, ordubete pasakoa. Sakea aprobetxatzen lau tanto egin genituen hasieran, zabalera ateratzen. 11-5 ipini ginen aurretik eta nahiko ondo bideratuta geneukan partidua. Baina pilota aldatu zutenean, eurak hasi ziren tantoak jarraian egiten; eurek pare bat tanto edo hiru egin eta guk bakarra egiten genuen. Eta horrela, 18ra iritsi ginen, parekatuta: 18-18; 19-19 eta 20na egin genuela ikusita, atsedena eskatu genuen. Bion artean berba egin, erabaki genuen hasierako gure pilota ateratzea, eta azkenean ondo irten zitzaigun”, kontatu du Aitor Atxotegik.

Lesio eta guzti

Ondo erabaki eta bikain bukatu zuten, bada, Soraluzeko taldeko ordezkariek zapatuko partidua: Gipuzkoako txapeldun! Garaikurra, txapela eta Idiazabalgo gazta jaso zuten egindakoarengatik. Eta oso pozik daude lortutakoarengatik: “Klubean dagoen norbaitekin osatu dugu bikotea, ligaxka luzea izan da… irailetik astero-astero jokatzen ibili gara, eta astero eman behar izan dugu, bestela ezin da finalera ailegatu”, esan du Atxotegik. Gainera, lesionatuta bukatu du txapelketa Atxotegik berak, guztia eman duenaren seinale.

Ikusle asko

Horrez aparte, lagun izan direnen animoak ere asko eskertu ditu Soraluzeko pilotariak: “Bastante jende egon zen ikusten. Soraluzetik 15 bat lagun bertaratu zen, eta Antzuolatik beste 15-20 bat lagun. Harmailetan zarata gehien eurek atera zuten, guk egiten genuen tanto bakoitza ospatzen zuten izugarri. Eskerrak jendeari. Gaztañerren ere jende askok galdetu zidan emaitza eta hori asko eskertzen da. Ea poliki-poliki pilota zaletasuna zabaltzen doan”, esan du Soraluzeko pilotariak.

Euskal Ligan

Bestalde, zapatuko garaipenaz aparte, gogoan izan beharra dago finalera iristearren Soraluzeko bikoteak dagoeneko eskuratuta zuela datorren urtean Ohorezko Mailan jokatzeko txartela. Eta hori gutxi ez, eta Gipuzkoako txapeldun izateak seguru aski Euskal Ligan jokatzeko bidea zabalduko die Soraluzeko ordezkariei.

Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako bikote onenek jokatuko dute liga horretan, hain justu. Urtarrilean hasi, eta martxora arteko lehia da. “Asmoa dugu parte hartzeko, nahiko genuke behintzat. Finala irabazita pentsatzen dut aukera emango digutela parte hartzeko. Baina hori abenduan konfirmatuko dute”, jakinarazi du Aitor Atxotegik.