Datu ikusgarriak utzi ditu aurtengo Gaztañerre azokak. Batzuk aipatzearren: 32 saltoki izan dira Erregetxean; 72 sendabelar ekarri ditu erakusgai jartzeko Esteban Laskurainek, guztiak ere bezperan batutakoak.
Herriko 7 sagardogile izan dira eta 150 sagardo botila ekarri eta guztiak saldu dituzte: “Geuk edateko ere ez da geratu” esan dute baserritarrek. Sagardoari laguntzen bertan erre dituzten 6 txerrikumerekin egindako pintxoak bizkor asko agortu dira.
Lau barazkigile izan dira. Arizaga baserrikoek, esaterako, 15 metroko saltokia izan dute, azokako handiena. Baserritarrik gehienek 23 urtean hartu dute parte azokan.
Denetariko jaki eta animaliak
Produktuen artean ere denetik izan da; denondako ezagunak diren tipula, kalabaza, piper, porru eta tradiziozko ortuarien artean, berritasunak ere ekarri dituzte azokara, adibidez, “Chayota; txinatar patata. Hego Amerikakoa da eta patata diabetikoa da, ez du glutenik, frijituta, egosita… nahi moduan jan daiteke. Egunean bat janda oso propietate onak ditu prostatako minbiziari aurre egiteko, adibidez”, kontatu dute Arizagakoek.
Eta animaliei dagokienez, berriz, ganadua izan da bestetan baino gehiago, idi bi zintzo-zintzo egon dira: Alegre eta Apala; hegaztiak ere bisitari izan dira (indiar faisana, oiloak, usoak…), txerri galantak ikusteko aukera eman dute, eta aldiz, izan da zaldiak faltan igarri dituzten ikusle bat baino gehiago.
Posturik onenaren saria Lezarriri
Aurten, lau baserri lehiatu dira barazki postuen lehiaketan eta laurek jaso dute saria. Lezarrik jaso du posturik onenarena (Antxon Fresnedok egindako eskulana), Arizagak bigarrena, Arteagak hirugarrena eta Goenetxetxok laugarrena.
Aurten omendu dituzten baserritarrak Solongo Basilisa Larrañaga Urresti eta Agirrebegiztegi baserriko hil berri den Josefa Ansola Anduaga izan dira. Semeak eta alabak hunkituta jaso dituzte oroigarriak.
Sagardorik onenaren txapela Barrenetxera
Sagardo lehiaketan zazpi sagardo izan dira lehian: Agirrebegiztegi, Barrenetxe, Argate, Mendotz, Aseginolaza, Arkaitz Arana eta Araneta. Bozketaren ostean, Barrenetxe baserriko Oier Cerrejonek jantzi du txapela: “Badirudi jendeari gustatu egin zaiola; ez nuen pentsatzen irabaziko nuenik. Erraz edatekoa da. Suabetxoa eta mikatzaren arteko erdibideko zerbait. 200 litro egin ditut, iaz etxeko sagarrarekin, baina aurten nahikoa ez eta erostea tokatu zait". Etxean edateko egiten du sagardoa Cerrejonek.
Artisauak, sendotuta
Bestalde, geroago eta jantziago erakusten dituzte Soraluzeko artisauek euren postuak. Gaztañerre azoka prestatzeko denbora hartu dutela berehala antzematen da eskuz landu dituzten produktu sorta ikustean. Erabiltzen dituzten materialetako asko, gainera, naturalak dira. Koloretsu eta ikusgarri zeuden postuak.
Jendetza, kabitu ezinda
Ohi denez, dantzarien saioak erakarri du ikusle ugari Erregetxera; 12:00-13:30ak bitartean bisitariak kabitu ezinda ibili dira bertan, eta azokakoak bukatu ondoren, gauza bera gertatu da erdiguneko kaleetan, harik eta mahaiaren bueltan esertzeko ordua ailegatu den arte.