Gaztañerreko bazkariak lagun kuadrillen topagune

Ubane Madera 2018ko aza. 10a, 19:02

Aspaldiko lagunak elkartzeko eguna ere bilakatu da Gaztañerre azoka. Kanpoan bizi direnak eta bertakoak, lehengoak eta oraingoak, mahaiaren bueltan izan dira gaurkoan elkarrekin. Herri bazkarian giro epelean ibili dira, esaterako, 150 lagun. Eta beste askok, berriz, elkarte gastronomikoetara eta jatetxeetara jo dute, herrikoetara zein ingurukoetara.

Bost sukaldari arduratu dira Plaza Zaharreko karpapean egin duten herri bazkariko menuaz: Sebas Hernandez, Iñaki Larrañaga, Paulo Couto, Jose Antonio Estevez eta Iker Makinai.

Hamar urte-edo

18 kilo baba arabar prestatu dituzte haiek, sakramentu guztiekin, 150 lagunek bazkaltzeko; egundoko lana hartuta dute gainera: “08:00ak-08:30ak aldera hasi gara, oraindik (17:30) ez dugu bazkaldu, baina hamarretako gozoa egin dugu, eh?”, kontatu du Sebas Hernandezek, gaurko sukaldari-zaleetako batek.

Eskarmentu luzeak laguntzen die, hori bai, gaurko eguneko sukaldari lanetan bost lagunei, urte luzeak daramatzate-eta herri-bazkariko sukaldari izaten. Nahiz eta ez akordatu noiz eta zela hasi ziren: “Uste dut hamar urtez gabiltzala, baina ez dakit seguru. Ez naiz akordatzen noiz izan zen lehen aldia”, kontatu du Hernandezek.

Haiek prestatutakoa gustura jan dute, zeresanik ez, mahaiaren bueltan zeudenek. “Primerakoa zegoen dena” esan dute galdetutakoan.

Elkarteetan

Beste lagun batzuk, berriz, elkarte gastronomikoetan elkartu dira bazkaritarako. Horren adibide Allegro elkarteko mahai guztiak beteta egon direla gaur. Bitxikeria moduan, bertan egon den kuadrilletako baten postrea berezi askoa izan da: kuadrilla beraren orain dela 15 urteko argazkia zuen pastela. 

Kopinak ere baserritar jantzita

Aipatzekoa da ere, Gaztañerren baserritar janzkera erabiltzen dutela askok eta askok. Goizean zein iluntzean. Gehienak norbere burua jantzita irteten dira. Gaur, baina, hiru neskakoskorrek lan handiagoa hartu dute: txikitako kopinak ere baserritar jantzita besoetan dituztela irten dira kalera arratsaldean.