Indarkeriaren biktimen gaineko dokumentala eta solasaldia, Herriko Antzokian

Ubane Madera 2018ko aza. 9a, 10:40
'Glencree' dokumentalaren irudi bat.

Azaroaren 13an, elkarbizitza langai izango da Soraluzen. 2007 eta 2012 urteen artean landutako Glencree ekimena oinarri, Glencree, (bake prozesua), elkarrekin egindako bidea dokumentala proiektatuko dute. Ondoren, solasaldia izango da ekimen horretako kide diren Patxi Elolarekin, PSE-EEko Zarauzko zinegotziarekin, eta Burgosko prozesuaren aurkako manifestazio batean hildako Roberto Perezen anaia Jorge Perezekin.

Datorren martitzenean, bakearen eta elkarrizketaren garrantzia nabarmentzen dituen dokumentala eta solasaldia antolatu ditu Soraluzeko Udaleko Bizikidetza Mahaiak. 18:30ean Herriko Antzokian hasita, Glencree (bake prozesua) elkarrekin egindako bidea izenburua duen dokumentala proiektatuko dute lehenengo. Maite Ibañezek zuzendutako ikus-entzunezkoa da berau, 2013koa eta 54 minutu irauten duena.

Alde guztietako biktimak

Dokumental horretan, 2007tik 2012ra bitartean landutako Glencree ekimenaren berri emango dute. Eusko Jaurlaritzako Terrorismoko Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak deituta, Euskadiko biktima desberdinez osatutako talde bat elkartu zen orduko hartan, lehenengo aldiz. ETAk, GALek eta eskuin muturrak eragindako biktimen topagune izan zen, hain justu, Glencree lau urte eta erdian.

Bada dokumentalak biktima horietako batzuen lekukotzak jasotzen ditu, baita proiektuaren arduradunenak eta talde teknikoarenak ere. Kontakizuna 2012an amaitzen da, parte hartzaileek ondorioak dokumentu bateratu batean aurkeztu zituenean, jendaurrean.

Solasaldia

Proiekzioaren ostean, berriz, Glencree ekimeneko partaide diren Patxi Elolarekin, PSE-EEko Zarauzko zinegotziarekin, eta Burgosko prozesuaren aurkako manifestazio batean hildako Roberto Perezen anaia Jorge Perezekin solasaldia izango da.

Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak badaramatzate hilabeteak bakegintzaz eta bizikidetzaz berbetan. Hain zuzen, helburu horrekin eratu zen Soraluzeko Udaleko Bizikidetza Mahaiaren baitan lantzen dituzte halako gaiak. Eta gai horiek herritarrekin konpartitzeko helburuarekin antolatu dute datorren martitzeneko solasaldia.