Zapatuan jokatuko dute Gipuzkoako txapelketako finala soraluzetarrek

Ubane Madera 2018ko aza. 7a, 10:33
Manex Balerdi eta Aitor Atxotegi atzo, martitzena, kiroldegiko frontoian.

Aitor Atxotegik eta Manex Balerdik zapatuan jokatuko dute Gipuzkoako eskuz binakako txapelketako finala. Idiazabalen da hitzordua, Amezketako bikotearen kontra. Maila altua dute soraluzetarren aurkariek, eta partidu “zaila” aurreikusten du Atxotegik. Hala ere, “ahalegina” egingo dutela gaineratu du. Irabazi ala galdu baina, Soraluzeko bikotea dagoeneko Ohorezko Mailara iritsi da.

Zapatuan, 11:30ean hasiko da Gipuzkoako eskuz binakako txapelketako finala, Idiazabalen, finalistendako neutrala den frontoian. Hain justu, Soraluze eta Amezketa izango dira lehiakide. Etxeko kluba ordezkatuko dute Aitor Atxotegik eta Manex Balerdik, eta Amezketakoa, berriz, Labakak eta Bikuñak.

Aurkari gogorrak

Partidua “zaila” izango dela dio Atxotegik, “Amezketako aurrelaria afizionatu mailako onenetakoa” delako, eta “atzelariak azken urteotan gora egin eta Aspek aurre-kontratua” egin diolako, “eta datorren urtean akaso profesionaletara pasatzeko aukera” emango diolako horrek.

Zailtasunak, baina, ez du kikiltzen Soraluzeko bikotea eta dena ematera joango dira Idiazabalera: “Azken bi partiduak ere zailak izan dira eta atera ditugu. Ahalegina egingo dugu. Hala ere, orain arte iristea ez da gutxi, eta zapatuan ez gara konformatuko dugunarekin, baina partidua galduta ere gustura egongo gara”, azpimarratu du Atxotegik.

Ohorezko Mailan

Izan ere, zapatukoa galtzen badute, zeresanik ez dago Gipuzkoako txapelketako txapeldunorde izango direla soraluzetarrak. Baina hori gutxi ez, eta datorren urtean Ohorezko Mailan jokatuko dute, pilotan afizionatu mailan dagoen gorengo mailan alegia; hori guztia aurtengo emaitzei esker.  

Hala ere, jendearen animo guztiak asko eskertzen dituztela azpimarratu dute soraluzetarrek. Azkoitiko partiduan 15 bat herrikide izan zituzten animatzen, “hangoek baino gehiago”, kontatu du bertan izan zen ikusle batek. Hori horrela, Idiazabalera joaten direnen “animo guztiak asko eskertuko” dituztela adierazi du.