280 plazentziatarrek eman dute izena Euskaraldian

Egoitz Unamuno 2018ko aza. 5a, 08:00

Dagoeneko, 280 plazentziatarrek baino gehiagok eman dute izena Euskaraldian eta 60.000 herritarrek baino gehiagok Euskal Herri osoan. Datorren astean, ahobizi eta belarriprestendako prestakuntza-tailerrak hasiko dituzte herrian. 

Zenbakiak nabarmentzeko modukoak diren arren, Euskaraldiaren Soraluzeko antolaketa taldetik gogorarazi dute helburua "ariketa kualitatiboa" egitea dela, Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak zabaldutako berben ildotik; "Helburua ez da zenbatek parte hartzen duten, baizik eta parte hartzen duten horiek ematen dituzten urratsak hizkuntza ohiturak aldatzeko".

Prestakuntza-tailerrak

Azaroaren 13an hasi eta 18ra bitartean, Euskaraldiko boluntarioek ordu eta erdiko tailer arinak eskainiko dituzte izena eman duten plazentziatarrak prestatzeko. Izan ere, antolakuntzak ohartarazi duenez, ekimenean parte hartzen duten herritarrek ez-ohiko egoerak biziko dituzte hamaika egun horietan, eta, tarteka, beharbada, suerta litezke deserosoak izan daitezkeen egoerak ere; esaterako; elkarrizketa elebidunak izatera ohitu barik dagoen jendearekin, edo, besterik barik, beti erdaraz ezagututako gertuko kidearekin euskaraz egiteagatik, eta abar. 

Ondorengoak da tailerren egutegia: 

Ahobizientzako saioak

Azaroak 13, martitzena: 18:30-20:00 (Euskaraldiko lokalean).

Azaroak 15, eguena: 11:00-12:30 eta 18:30-20:00 (Euskaraldiko lokalean).

Azaroak 17, zapatua: 11:00-12:30 (Herriko Antzokian)

Azaroak 18, domeka: 11:00-12:30 (Herriko Antzokian)

Belarriprestentzako saioak

Azaroak 14, eguaztena: 18:30-20:00 (Euskaraldiko lokalean).

Azaroak 16, barikua: 09:30-11:00 eta 18:30-20:00 (Euskaraldiko lokalean).

Azaroak 17, zapatua: 11:00-12:30 (Etxaburuetako Elkartegian)

Azaroak 18: 11:00-12:30 (Etxaburuetako Elkartegian)

Tailerretan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da: soraluze@euskaraldia.eus helbidera idatzita, 688 613 698 telefonora deituta edo zuzenean Euskaraldiko lokalera joanda. Zaintza zerbitzua ere eskainiko dute, parte hartzeileek hala eskatuz gero. 

Bestalde, txapak tailerretan bertan eskuratu ahalko dira edo Euskaraldiko lokalean, azkenengo astean, azaroaren 19tik 22ra bitartean.

Hitzaldia eta antzerkia

Aste honetan, eguenean eta barikuan, hizkuntzarekin eta Euskaraldiarekin zerikusi zuzena duten hitzaldia eta monologo umoretsua antolatu dituzte. Eguenean, Jon Maiak De Extremadura al bertsolarismo hitzaldia eskainiko du Itxaropenan, arratsaldeko 18:30etik aurerra; eta, barikuan,  Beatriz Egizabal klown eta antzerkilariak Ttak izeneko monologo umoretsua antzeztuko du Herriko Antzokian, gaueko 22:15ean hasita.   

Hasiera eta jarraipena elkarrekin

Azaroaren 23an, hamaika egunei hasiera “elkarrekin eta indarrez” emateko, ekitaldi berezia antolatu dute Plaza Zaharreko karpan. Ekitaldi horretan, Euskaraldirako gomendioak ematearekin batera, jai-giroko ekimenak ere izango dira (kantua, dantza, jan-edana…), “herriko talde eta norbanako askoren parte hartzearekin”.

Azaroaren 28an, ekimena hasi eta egun batzuetara, hitzordu berezi bat egingo da: Kafea eta berba. Helburua da, parte hartzen diharduten plazentziatarrak elkarrengana batzea, aukera izan dezaten elkarri esperientziak kontatu eta zalantzak argitzeko.  Juntadizoa arratsaldeko 17:30ean hasiko da, Plaza Barrixan.