Kirolariz beteko da Soraluze bihar arratsaldean

Ubane Madera 2018ko aza. 2a, 18:22
Ibilgailuak kentzeko Estazioan ipinitako oharra.

Bihar, zapatua, 15:00etatik aurrera kirolariz beteko da Soraluze. Etxaburueta kaletik abiatuko den Antxintxika lasterketako parte-hartzaileak izango dira bisitari, hain zuzen. Horren harira, gogoan izan 15:00ak eta 17:00ak bitartean ezin izango dela ibilgailurik aparkatu Etxaburueta kalean Itxaropena elkartearen ondoan, eta Estazio kalearen hasieran.

Dagoeneko 217 lagunek eman du izena bihar 16:30ean Soraluzetik abiatuko den XIV. Antxintxika Lasterketa, Mikel Crespo Memorialean parte hartzeko, eta horietatik 8 dira soraluzetarrak. Hori momentuz, ze ohitura izaten dute askok egunean bertan ere izena emateko. Beraz, segurutik gehiago izango direla biharko hitzorduan parte hartuko dutenak.

Autoak erretiratu

Esandako moduan, 16:30ean hasiko da lasterketa, orduantxe irtengo dira-eta handbikeekin eta gurpildun aulkiekin parte hartuko duten kirolariak; 16:45ean, berriz, patinetan lehiatuko direnak abiatuko dira eta azkenik, 17:00etan korrika parte hartuko dutenak.

Gauzak horrela, ibilgailuek 15:00etarako erretiratuta egon beharko dute Etxaburueta kalean, Itxaropena elkartearen ondoan, eta Estazio kalean, eskolarako eskailera paretik aurrera aparkatuta egoten direnak. 17:00ak arte ezin izango da bertan aparkatu.

'Soraluze, Mugituz!'

Bestalde, berritasun modura, aurten Soraluze, Mugituz! ekimenak ere parte hartuko du lasterketa horretan; hain justu, udalerriko ekimen horren filosofiaren parte den hondakinen murrizketa bultzatzen jardungo dute biharko kirol proban.

Lasterketari berari dagokionez, 10 kilometroko ibilbidea izango dute aurrez aurre korrikalariek. Eta horien artean, helmugaratzen diren lehen soraluzetarrek (gizon zein emakume) ere saridun izango dira.