Dominak, babak eta tirolina mendi-taldearen finalista egunean

Egoitz Unamuno 2018ko urr. 30a, 09:38

Urteroko Finalista eguna ospatu zuen domekan kiroldegian. Domina bana eman zieten urtean zehar mendira joan diren ume eta gaztetxoei eta ehun lagunetik gora batu ziren babajanean.

Finalista eginean berrrogeita hamairu domina eta Aupa gu markako motxilak banatu zizkien mendi-taldeak urtean zehar zortzi mendi edo gehiago igo dituzten ume eta gaztetxoei, eta beste hamar domina txokolatezkoak, zortzi mendi egin barik gelditu diren baina irteeretan parte hartu duten neska-mutikoei. Izan ere, lehia barik, mendizaletasuna bultzatzea dute helburu sariok, eta horregatik banatzen dizkiete modu bateko edo besteko dominak ume eta gaztetxo guztiei.

Eguraldi txarra zela eta, kiroldegiko frontoian ospatu zuten aurtengo finalista eguna, eta ez, ohikoa den moduan, San Andresen. Guztira, ehun eta zortzi lagun batu ziren babajanera eta tirolina luze bat eta torreak aseguratzeko egitura ere jarri zituzten, ume eta gurasoen gozamenerako. 

Aurtengo jarduna amaituta, mendi-taldeak otsailean berrekingo dio bere jardunari eta martxoan antolatuko du lehen irteera. Horrekin batera, asmoa dute mendiko sorospen ikastaroa eskaintzeko, eta horixe antolatzen dihardute kirol teknikariarekin batera.

136 bazkide

Aurten, guztira, ehun eta hogeita hamasei bazkide izan ditu gurasoen mendi-taldeak; horietatik hirurogehita zortzi, ume eta gaztetxoak. Zenbakiokin gustura daude arduradunak, Itziar Agirreren esanetan: "Hamaika urte dira guraso talde batek mendi-taldearen ardura hartu zuela eta urteotan guztiotan bi autobuskada lagun mantendu ditugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.