Atxotegi eta Balerdi finalerdira

Ubane Madera 2018ko urr. 23a, 09:05

Aitor Atxotegi eta Manex balerdi kiroldegiko frontoian, domekan.

Pilota partidu garrantzitsua eta ederra jokatu zuten domekan, Aitor Atxotegi eta Manex Balerdi pilotariek. Hori gutxi ez, eta gainera, irabazi egin zuten. Horri esker, eskuz binakako Gipuzkoako Txapelketako finalerdirako txartela eskuratu zuten Soraluzeko ordezkariek. Bi aste barru jokatuko dute berau.

Parekatuta hasi zen domekako pilota partidua, eta partiduak aurrera egin ahala, antzera samar segitu zuen. Soraluzetarrak aurretik ibili ziren orokorrean, baina asteasuarrak gertu-gertuan zituztela. Azkenean, 22-18 eginda, etxean geratu zen garaipena, bertaratu zirenen txalo zaparrada artean.

Izan ere, amaieran, batek baino gehiagok esan zieten etxekoei partidu bikaina izan zela; ikusgarria eta zirraragarria, tanto gehienak asko borrokatu behar izan zituzten-eta. Manex Balerdi antzuolarrak jardun zuen atzean, Aitor Atxotegi soraluzetarra aurrean lagun zuela, hain justu.

Profesional izandakoa

Amaieran, jakina, pozik azaldu ziren Soraluzeko ordezkariak erdietsitakoarekin: “Ondo, bai. Zaila izan da, eurak oso onak dira-eta, profesional izandakoa bat, adibidez”, esplikatu zuen Aitor Atxotegik.

Kontuak kontu, Soraluzeko klubeko ordezkariek eskuratu zuten garaipena, eta hari esker, Gipuzkoako Txapelketako finalerdirako sailkatu dira. Bi aste barru jokatuko dute final-erdia, ondorengo hau atsedenaldia izango dute-eta.