Irabazi egin du, baina…

Ubane Madera 2018ko urr. 22a, 15:26

Ander de Luis Eltxotraileko podiumean. Argazkia: Ander de Luis.

Sentsazio gazi-gozoarekin bueltatu da oraingo honetan Ander de Luis korrikalaria Orendainen egindako lasterketatik. Irabazi egin zuen, “eta erraz”, gainera. Hala ere, “tristura” sentitu zuela aitortu du. “Inflexio puntu moduko bat izan da, ikusi dudalako inportantzia osoa eta ia erabatekoa ematen zaiela lasterketa luzeei". 

Eltxotraileko lasterketa luzea egiteko asmoarekin joan zen zapatuan Ander de Luis Orendainera. Baina, joan den astean ere 20 kilometrokoa eginda zuen eta “lehertuta” zegoen. “Jota nekatuta nengoen; 20 kilometroko lasterketa egin nuen asteburuan, eta gero aste osoa lanean… Eta erabaki nuen lasterketa luzea barik motza egitea; eta emaitzarekin gustura geratu naiz, ze erraz irabazi nuen”, esplikatu du.

Podiumera igo barik

Baina segituan gehitzen dio “baina” esaldi horri; izan ere, sentsazio “gazi-gozoarekin” bueltatu da oraingo honetan korrikalari soraluzetarra.

Bertatik bertara ikusi du lasterketetan askoz ere garrantzia handiagoa ematen zaiola lasterketa luzeak egiteari motzak egiteari baino. “Pentsa, lasterketa motzean bigarren eta hirugarren iritsi zirenak ez ziren ezta podiumera igo ere”, ipini du adibide modura.

“Zergatik da garrantzitsuagoa 21 kilometro egitea 8 kilometro egitea baino? Biak dira lasterketak, bata motzagoa da, besterik ez”, esan du. “Badirudi gabiltzala dugun zaletasuna profesionalizatzen. Ze badirudi lasterketa motzak ez direla ezer; eta lasterketa luzeak prestatzeko, berriz, zortzi orduko lana baldin baduzu gero lasterketa prestatzeko bakarrik bizi behar duzu…” adierazi du.

Edozelan ere, Ander de Luisek argi dauka berarendako korrika egitea “zaletasuna” dela, eta horrela izaten segitu nahi du. Dagoeneko badu buruan hurrengo hitzordua: Urduñan korrika egingo du azaroaren 11n. 11 kilometroko lasterketa egingo du egun horretan: Urduñako Mendi Maratoiko lasterketa herrikoia, hain justu ere.